Euskal Herria plazan gazteentzako etxeak egiteko, 2,4 milioi euro

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko maiatzaren 10a

Horrez gain, udalak 1.375.000 euroko mailegu berezi bat eskatu du obra aurrera eramateko

Aho batez onartu zituzten gizarte etxebizitzen inguruko erabakiak.

Euskal Herria plazan, gazteentzako alokairu sozialeko 25 etxebizitzak egiteko aurreikuspenaren harira, hasi da udala, lanean. Horrela, udalbatzaren azken ohiko osoko bilkuran, Tolosako Udalak egitasmo honetara 2.400.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko duela adostu zuten zinegotzi guztiek, aho batez.

Etxebizitza dotazionalak finantziatzeko, batetik, konpromiso kreditua onartu behar izan dute, beraz, udal ordezkariek. Obrak 16 hilabeteren buruan gauzatuko beharko dituztenez, eta urte anitzeko gastua denez, 2013ko udal aurrekontutik, 1.486.000 euro bideratuko dira Euskal Herria plazako etxeetara; 2014an, berriz, udalak 914.000 euroko kreditua gorde beharko du proiektu honetarako.

Mailegua ere aho batez

Tolosako Udalaren beraren aurrekontuaz gain, 25 etxebizitza hauek osatzeko, 1.375.000 euroko mailegua eskatuko du udalak; udal ordezkariek aho batez onarturiko erabakia da hau ere.

Lore Agirre alkateordeak bilkuran azaldu zuenez, proposamena zazpi erakunderi egin die udalak, eta Caja Rural de Navarrak soilik erantzun du. Dena den, Eusko Jaurlaritzako finantza araudiak betetzeko zenbait zehaztapen egin behar dituzte, erakundearekin negoziatuz.

Horrela, kopuru bera eskatu dute maileguan, 10 urterako. Interes tasari dagokionez, urteko Euriborrari dagokiona eta %4 gehiago izango da. Aipatzekoa da, ordea, mailegu berezia dela eskaturikoa: «10 urterako mailegua da eta Tolosako Udalak amortizazioei soilik aurre egin beharko die, interesak Eusko Jaurlaritzak ordainduko baititu», azaldu zuen Agirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!