Gutuna: Zezenari adarretatik, jakina!

Ataria 2013ko maiatzaren 8a

Hondakinekin arazoa daukagula gauza jakina da. Baita EAJk eta PSEk ere. Arazoa izan dugu, daukagu eta aurrerantzean ere izango dugu, ez badiogu zezenari adarretatik heltzen. EH Bildu osatzen dugun indar politikook hiri hondakinen arazoari heltzeko prest eta animatuta gaude. Errauste planta ez egitea ahalbidetuko duen konponbidearen bila gabiltza. Ez dugu errauste plantarik nahi Zubietan, ezta Tolosan ere, ez baitiogu inori minbizirik opa.

Hondakinen bilketa selektiboa egoki bideratzeko dauden era desberdinak aztertuko dituen ikerketa abiatuko duen oinarriak onartu ditu udalak. Hasteko, hondakinen %70 modu selektiboan jasotzea bermatzea dugu helburutzat, aurrerantzean helburu hori gainditzen joateko. Gure etxebizitzetan sortzen dugun hondakinen zati handi bat denok birziklatzea ezinbestekoa da arazoari irtenbide egokia emateko. EAJk ere onartutako proposamena da, lan-mahaia utzi aurretik ontzat jo zuena, hauteskunde interesengatik eta errauste planta egiteak emango dizkion etekinengatik mahai utzi aurretik onartu zuena. Erabaki hori hartzeko eskubide osoa du EAJk, baina herritarrak nahastu eta engainatu gabe. Hondakinen arazoa ez da alderdi politikoen eta udalaren arazoa soilik, herritar guzti-guztiona baizik. Arazoaren zati bat gure etxebizitzetan daukagu eta hortik hasi beharra dauka konponbideak ere, etxebizitza bakoitzetik. Norberak bere etxean hondakinak egoki sailkatzea da konponbidearen zati garrantzitsua eta hori eginez gero, hondakinen gainontzeko arazoak ere bideragarriago izango dira.

Hondakinak sailkatzea norberaren nahien araberakoa izan behar du edota guztion betebehar soziala da? Ez sailkatzeak ez birziklatzea dakar, eta hori ez da herritarron eskubide bat, are gutxiago errauste plantak minbizia areagotzen duenean. EAJ eta PSEko jaun-andreok, eman diezaiogun gai honi duen garrantzia, konponbidea etxeetan hondakinak sailkatzean baitago, hortik etorriko baita irtenbidea denok ederki asko dakigun moduan.

Arazo domestiko bat maila politikora eramaten ari zarete bi arrazoi hauengatik: udal gobernua eta Foru Diputazioa desgastatzeko duzuen grina neurrigabeagatik eta errauste planta egiteak emango dizkizuen etekin ekonomikoengatik. Hauek dira zuen benetako motiboak gai domestiko tekniko bat politizatzeko. Gure aldetik ez gara polemika antzuetan sartuko, gure helburua denon artean erabakitakoa da, EAJ barne. Helburu garbia: %70a birziklatzea izango da. Horregatik dei egiten diegu EAJ eta PSEri helburu hori onar dezaten, etorkizuna dugulako jokoan, gipuzkoarron osasuna ere bai Madrilgo Carlos III ikerketa zentroko ikerlariek errauste plantaren inguruan minbizia areagotzen dela ziurtatu duten honetan. Denon artean lortuko dugu. Ziur gaude.

Udaleko gobernu taldearen lana babesteaz gain hartutako bidean aurrera egin dezaten animatzen ditugu, beren interes ekonomiko eta elektoralengatik helburuak eta bidearekin nahaspila sortu nahi dutenen gainetik. Helburuak merezi du, lur planetak eta gure osasunak eskertuko digute.

I.Elduaien, P. Etxezarreta eta  A. Atorrasagasti. Tolosako EH Bildu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!