Emakumeen jabekuntza sendotzeko eskola jarriko dute abian

Ataria 2013ko maiatzaren 8a

Emakumeen partaidetza eta jabekuntza sendotzeko asmoz, ostiralean hasiko da Tolosan Jabekuntza Eskola. Tolosako Udaleko Berdintasun sailak eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasuna sailak antolatu dituzte jarduerak. Hitzaldiak, tailerrak eta erakusketa izango dira aukeran. Miren Urkola Berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, «emakumeei munduaz duten pertzepzioa aldatuko dien, eta aldi berean, mundua aldatzeko tresnak eskainiko dizkien esperientzia da aurkezten dena».

Morales, Urkola eta Zubero, aurkezpenean.[/caption]

Jabekuntza esatean, «ikaskuntza eta kontzientziatze prozesu bat adierazi nahi da», argitu du Urkolak. Eta «mundu osoko gizarteak egituratzen dituen sexismoak, emakumeei, ezartzen dien diskriminazio eta gutxiegitasun egoera salatzea eta horren kontra borroka egitea ahalbidetzen duen prozesua», gaineratu zuen.

Era berean, «espazio hau emakumeen partaidetza eta jabekuntza sendotzeko dago pentsatuta, eta gizarte justu, askotariko eta osoago bat lortzeko», argitu zuten.

Tolosako Jabekuntza Eskola ez da ohiko prestakuntza eskaintzen duen leku bat. Hori baino gehiago dela adierazi zuten. Duela urte batzuk, Mugimendu Feministak jakintzaren ekoizpen kolektibo eta partekaturako metodologia bat sortu zuen eta  Tolosako Jabekuntza eskolan hau erreproduzitu egiten da. «Esperientziak, jakintzak eta narrazioak partekatzea da kontua, baina baita gorputzaz disfrutatzea ere. Eta diskurtsoak, artea eta errebindikazioak produzitzea» esan zuen.

Jabekuntza eskolan parte hartzeko izena eman behar da, eta interesatuek bi bide dituzte: 943 67 03 83 telefono zenbakira deituta (11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara), edota bestela, internet bidez, berdintasuna@tolosakoudala.net helbide elektronikora mezu bat bidalita. Tailer guztiak doakoak dira, eta izena emateko epea, gaur, hilak 8,  amaituko da. Aurrez abisatuz gero, gainera, doako haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da.

Lehen tailerra, etzi

Hainbat tailer eta hitzaldi izango dira datozen asteetan, eta ostiralean, hilak 10, izango da lehenengo jarduera. Zuri zer kontatu dizute feminismoaren gainean? tailerra dinamizatuko du Zaida Fernandez Perezek. Tolosako kultur etxean egingo da tailerra, 16:00etatik 20:00etara.

«Feminista naiz» esatea estigmatizatuta dagoela oraindik, eta ez dagoela ondo ikusita ekarriko dute gogora ostiraleko tailerrean. «Bizi dugun gizarte matxistak feminismoa desprestigiatzeko mezuak zabaltzen ditu etenik gabe. Baina ba al dakigu, benetan, zer den feminismoa? Ezagutzen al ditugu mugimendu feministaren borrokak, lorpenak eta ekarpenak? Zer lotura dago feminismoaren eta demokraziaren artean?». Tailer honetan, gai horietaz eta teoriarekin eta ekintza feministarekin lotura duten gaien gainean egingo dute hausnarketa.

Jabekuntza eskola

Egitaraua

Maiatzak 10, ostirala. ‘Zuri zer kontatu dizute feminismoaren gainean?’ tailerra izango da Zaida Fernandez Perezen eskutik. 16:00etatik 20:00etara kultur etxean izango da.

Maiatzak 15, asteazkena. ‘Jabetze eskolak emakumeentzat. Zein jabetze motaz ari gara?’ hitzaldia eskainiko du Mertxe Fernandez Bogak. 19:00etan, kultur etxean izango da.

Maiatzak 17, ostirala. ‘Autodefentsa feminista burokrazia ekonomikoaren kontra.’ tailerra emango du Aurora Iturrioz Lopezek. 16:00etatik 20:00etara izango da.

Maiatzak 23, osteguna. ‘Zaintza lanaren aitorpena. Todas las horas cuentan’ hitzaldia izango da, 19:00etan, Aranburu jauregian. Hizlaria, Isabel Otxoa Crespo izango da.

Maiatzak 30, osteguna. ‘Zaintzea, zaintzaileak eta estrak’ hitzaldia izango da Miriam Herbon Ordoñezen eskutik. 19:00etan, Aranburu jauregian elkartuko dira.

Maiatzak 31, ostirala. ‘Norena da nire dirua?’ tailerra izango da, 16:00etatik 20:00etara, kultur etxean. Dinamizatzaile lanetan, Miriam Herbon Ordoñez eta Luciana Davies ariko dira.

Ekainak 6, osteguna. ‘Zaintzea asko kostatzen da! Intsumisioa nahitaezko zaintzeari.’ hitzaldia izango da, 19:00etatik aurrera, Aranburu jauregian. Hizlari lanetan, Dominique Saillard Bouyssie ariko da.

Ekainak 14, ostirala. ‘Autodefentsa feminista tailerra’ izango da Maria Garcia eta Eider Olazar Elduaienen eskutik. 16:00etatik 20:00etara kultur etxean izango da.

Erakusketa. Elkarrekiko menpekotasunak, etxeko langileak eta zaintzaren krisia erakusketa maiatzaren 17tik ekainaren 8ra egongo da zabalik, Aranburu jauregian. Bisita gidatua, maiatzaren 18an izango da, Esther Morenoren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!