Komertzioa eta Kilometroak bultzatzeko akordioa abian

Ataria 2013ko maiatzaren 8a

Juanjo Ruiz Tolosa&Co Merkatarien eta Ostalarien elkarteko lehendakaria eta Unai Igartua Kilometroetako koordinatzailea.

Kilometroak 2013k eta Tolosa&Co merkatarien eta ostalarien elkarteak akordioa sinatu dute, hirugarren sektorea euskaraz lan egitera bultzatu eta Kilometroak ekimena laguntzeko. Akordio horren bidez, merkatariek nahiz Kilometroak 2013k Tolosa&Co Visa txartela sustatuko dute, eta txartelaren erabilpenak komertzioa eta Kilometroak bultzatuko ditu.

Unai Igartua Kilometroetako koordinatzaileak azaldu duenez, dendariek ere Ahora leloarekin bat egitea da xedea: «Zerbitzua euskaraz eman dezaten bultzatu nahi dugu, hori bezeroek asko eskertzen baitute». Euren kasuan, hornitzaileekin lan egiterakoan euskarari berebiziko garrantzia ematen diotela gogoratu du: «Hornitzaile guztiak Tolosaldekoak izaten saiatzen garen moduan, eurekin lan egitean euskaraz aritzea exijitzen diegu».

Juanjo Ruiz Tolosa&Co elkarteko lehendakariak adierazi du bat egin dutela Kilometroekin eta euren ekitaldiak bultzatuko dituztela. Era berean, euren arteko elkarlanak Kilometroak, euskara eta merkataritza sustatzeko balioko duela nabarmendu du.

Egun 4.000 Tolosa&Co visa txartel erabiltzaile daude. Hauek komertzioetan nahiz Rural Kutxan eskatu daitezke, «era errazean, norberaren banketxea aldatu gabe».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!