Jon Ander Galarraga, Biologoa
Jada udaberri nahiko arraro hau pil-pilean dagoen honetan, gure faunan ezaguna eta aldi berean ezezaguna dugun talde polit bat ekarriko dugu gure ekokulturaren txoko xume honetara.
Honezkero titulua irakurriko zenuten, baina beno... igel eta apoetaz hitz egingo dugu.
Ene irakurleak badakite jada igel eta apoak ez direla ez arrainak, ez narraztiak, ez ugaztunak eta ez hegaztiak... anfibioak dira! Edo zortzi urterekin natur zientzietan ikasi nuen bezala: urlehortarrak. Ze garaiak haiek!
Gure euskara maiteak igel hitza, azal leuneko eta nagusiki urtarrak diren anfibioentzako erabiltzen du. Apo edo zapo hitza aldiz, lehorrekoak eta azal zakarra duten anfibioekin erabiltzen da. Benetan harrigarria da euskarak animaliekin daukan erlazioa ikustea.
Hala ere anfibioak ez dira soilik igel eta apoak, uhandreak ere anfibioak dira eta baita ere zezilio deritzen suge itxurako animalia tropikal arraro batzuk, gurean ez ditugunak zoritxarrez. Konturatu al zarete inoiz uhandrea hitzak, ur-andrea hitzarekin antzekotasun handia duela?
Gurean dugun aporik arruntena, apo arrunta dugu (Buffo buffo). Apo hitza esan eta burura etortzen zaigun apo handia da, Europako handiena. Emeek, bataz beste, hamabost zentimetro dituzte, arrek aldiz, bederatzi zentimetro eskas. Apo arruntetan ez dago, beraz, Homo Sapiensetan gizonek egiten dituzten emeenganako bortxakeria koldarrik. Zenbait Homo Sapiens? ar, apo-arrunt ar bihurtuko nituzke!
Apo arruntak duen ahalmen handiena, edozein ingurutan erraz egokitu daitekeela da, beti ere ura badago. Izan ere, apotzar honek, buru atzeko guruinetatik substantzia toxiko bat ekoizten du eta berdina egiten dute bere apaburuek.
Inoiz putzu bat apaburu mordoz lepo ikusten baduzue, ziur apo arruntarenak direla, inongo txori edo animalia handirik ez da arrimatzen zapore txar eta toxikoa duten apaburu horietara! Arrazoi honengatik, apaburu hauek edozein ingurutan hazten dira, harrapakarietatik guztiz salbu eta kopuru handian.
Apo arruntaren hoberena, ordea, bere ugalketa da. Pentsa, arren artean lehia handia dagoela, eta ugaltzen sasoia dena ala ezer ere ez esaldiarekin sinplifikatzen dela.
Ugal sasoian emea uretara gerturatzen da, urpean ar mordoa egoten da bere zain. Emea uretan sartu eta arrautzak ekoizten hasten da... eta bat batean ehunka ar bere gainera doaz, emearen bizkarrean ipini eta arrautza hauek ernaldu nahian. Imajina ezazue zelako zirkoa, ehunka ar, eme gaixoa azpiratu nahian eta beste arrei ostikoak botatzen, ur, lika eta arrautza nahas-mahas batean murgilduta. Navas de Tolosako gudua? Honekin alderatuta ume jolasa!
Horrenbesterainoko bakanala izan ohi da, non ar batzuk elkar ugaldu nahian... apur bat despistatuta bukatzen dutela nonbait. Nire irakasle bikain batek zioenez, momentu horretan eskua uretan sartzen baduzu, beste hamar bat ar joango zaizkizu zure eskua ernaltzera!
Apo arrunta utzi eta goazen zapo txiki eta benetan polit bat ikustera: txantxikua (Alites obstetricans). Bost bat zentimetroko apo txikia da, oso polita, katu baten antzeko begi nini bertikala du eta azala bikor txikiz betea du. Nabarmena da bere burutzarra, gorputzarekin alderatuta oso handia da. Oso hedatua dugu gure lurretan, gizakiak eraikitako urmael eta iturrietan ere topa daiteke. Eta apo arruntarekin alderatuta, arrak askoz ere txukunagoak dira, izan ere, arrautza ernalduen zaintza beraiek egiten dute, bere bizkarrean txukun-txukun eramanaz.
Azkenik, igel xelebre bat ekarriko dugu gurera: zuhaitz igel arrunta (Hyla arborea). Hau igela da eta ez du bikorrik bere azal berde eta leunean. Erraz identifika daiteke, zeren bere sudur zuloetatik bizkarrerainoko albo lerro beltz nabarmen bat izan ohi du. Gustuko ditu, landarez betetako ur eremuak, izan ere, bere izenak dioen bezala, landaredietako hostoetan barrena ibiltzen baita bere behatz puntetan dituen egitura berezi batzuen laguntzaz.
Bere hedadura ez da apo arrunta eta txantxikuarena bezain zabala, gurean kostaldeko lerro estu batean eta Nafarroa hegoaldean kokatzen da soilik.
Eta honekin amaitu da gure igel eta apoei egindako omenaldi txikia. Galdetu zuen aiton-amonei beraiei buruz, ziur informazio gehigarri gehiago lortuko duzuela, izan ere, gure kulturarekin oso lotuak egon diren animaliak dira.
Informazio gehigarria, irudi, soinu eta bideo gehiago www.euskalnatura.net orrian duzue eta, bioaniztasunetik@hotmail.com-ean nauzue jada 30 urte beteta. 94 eta 74 urterekin eta sasoi betean dauden nere bi amonekin ospatu nuen nire eguna, nola ba bestela?