Barriola eta Jaunarena erraz gailendu dira buruz buruko lehen kanporaketan

Ataria 2013ko maiatzaren 7a

I. Migel Soroaren Oroimenezko Ogiberri Txapelketako bigarren jardunaldiko partida.

Abel Barriola eta Iker Arretxeren arteko norgehiagokarekin ekin zion ostiralean Legazpin, Buruz Buruzko Pilota Txapelketak. Leitzarra erraz gailendu zen, eta 22-11ko markagailuarekin bukatu zen partida. Arretxe II.a 1-5 aurreratu zen, baina, Barriolak ederki jakin zuen mozten, eta segituan eman zion buelta partidari. Leitzarra nagusi izan zen partida osoan, piloteoan berak agindu zuelarik.

Bestalde, Jaunarena leitzarra eta Leitzan bizi den Olaizola I.a neurtu ziren atzo, Eibarko Astelenan. Jaunarena bikain aritu zen, eta hiru tantotan utzi zuen aurkaria. Jaunarenarentzat buruz buruko lehen txapelketa da gorengo mailan, eta bera da, gainera, aurtengo txapelketako pilotaririk gazteena. Aurkaria, Olaizola I.a, berriz, 38 urterekin helduena da. Jaunarenari guztia atera zitzaion ongi, eta sake arriskutsua eta eskuin kolpe bikaina dituela erakutsi zuen. Olaizolak, berriz, gehiago eutsi ahalko ziola espero zuela onartu zuen partida amaitu ostean.

Buruz buruzko gainerako kanporaketei dagokienez, Beroiz nagusitu zen Ezkurdiaren aurkakoan, 22-18, eta Urrutikoetxeak egin du aurrera, bere aurkariak txapelketa utzi baitu.

Final zortzireneko partidak datorren igandean, maiatzaren 12an jokatuko dituzte. Barriolak Retegi Biren aurkakoa izango du, Xalak Urrutikoetxearen aurka jokatuko du, Jaunarenak Zabaletaren aurka, eta Albisuk Beroizen aurka.

Olazabal, final-laurdenetan

Bestalde, Promozio mailako txapelketan, Mikel Olazabal aresoarrak final-laurdenetara sailkatzea lortu du, Jon Apezetxearen aurka 22-16 nagusitu ostean. 26 urteko pilotariak kontratua berritu du Asperekin, abendura arte. Hilabete honetan bertan bukatzen zitzaion kontratua Eibarko enpresarekin. 2007ko abuztuan debutatu zuen Olazabalek, eta sei denboraldi egin ditu Asperekin.

Migel Soroaren oroimenezkoa

I. Migel Soroaren Oroimenezko Ogiberri Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu dute asteburuan Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jubenilen mailan, Ugalde-Alduntzinek 22 Mujika-Sanchezek 10 egin dute. Elite mailan, berriz, Elezkano-Diezek 13 eta 22 galdu dute, Urbieta-Etxamendiren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!