Hirukide ikastetxeak eskaintza zabala du Batxilergoan. Batetik, Zientziak eta Letrak espezialitateak egin daitezke, bakoitza bere ibilbide desberdin eta anitzekin. Bestetik, lanbide zikloetara bideratutako Batxilergoa ikasi daiteke. Prestakuntza guztien ardatza argi azaldu du Gartxot Agirre Bigarren Hezkuntzako zuzendariak: «Adimen anitzen proiektuaren barruan, Hirukiden pertsona osoa hezten dugu».
Zientziak eta Letrak espezialitateen bidez, unibertsitate gradu zein modulu guztietara sartzeko aukera ematen dute. «Gure ikasleek lortzen dituzten emaitzen batez bestekoekin gustura gaude», azaldu du Agirrek. «Beti Euskadiko batez bestekoen gainetik izaten dira, bai Batxilergoan eta baita selektibitatean ere». Batxilergoa gainditzen duen ikasleen kopurua oso altua dela nabarmendu du Agirrek. Hala, %96ak lehen saiakeran gainditzen du.
Zikloetara bideratutako Batxilergoan metodologi desberdina erabiltzen dute –jarraipen pertsonala eta eguneroko lanaren garrantzia uztartuz–, gai egokituagoak dituzte eta Batxilergoaren curriculum berdina ematen dute.
Txomin Amundarain bigarren maila egiten ari da eta garbi du Batxilergo mota hori aukeratzearen arrazoia: «Nik garbi nuen gero zikloetara bideratuko nituela ikasketak. Ez da bestea bezain gogorra ikasketa mailari dagokionez, ikasle kopuru txikiagoa dago gelan eta giroa ere oso ona da, eta irakasleekin harreman estuagoa izaten da». Mantenuko modulu bat egiteko asmoa du Amundarainek Batxilergoa bukatzerakoan. Batxilergo mota horretako ikaskuntzaz galdetzean, egunero egiten den lanaren garrantzia nabarmendu du: «Ez da hainbeste azterketa bat gainditzera bideratuta dagoen jarduna, egunerokoan egiten diren lanak kontuan hartzen dira».
Ikaslearen beharretara
Hirukideren Batxilergoaren eskaintzak balio erantsi bat duela nabarmendu du Agirrek. Eleaniztasunari ematen zaion garrantzia, esaterako. Ingelesa lantzeko aukera dute ikasleek, bai ikasgai bat hizkuntza horretan jasoz, baita Cambridgeko azterketak prestatuz. Frantsesa ikasten jarraitzeko aukera dute ere.
Teknologi berrien erabilera ere azpimarratu du Agirrek. Bestalde, beste kulturak ezagutzeko aukera dute Poloniarekin egiten den elkartrukea baliatuz. Ikasle bakoitzari bere beharretara egokitutako prestakuntza ematen diotela esan du Agirrek: «Ikasleekin elkarrizketa pertsonalak egiten dira, bi tutore daude gela bakoitzeko ikasleen jarraipena are pertsonalizatuagoa izateko. Ikasle ohien mahai inguruak antolatzen ditugu, hainbat hautazko ikasgai daude aukeran, marrazketa ordenagailu bidez eta zuzenbidea, esaterako».
Hirukiden garrantzi berezia ematen zaio ikasleen parte hartzeari. Hainbat batzordetan parte hartzen dute: euskara, Agenda 21, festak... Bestetik, geletan ordezkariak dituzte, Tolosako Udalaren ekimenean parte hartzen dute, eta ikastetxearen etengabeko hobekuntzan bere iritzia aintzat hartzen da.
Mundu berri bat sortzen
Pertsona bere osotasunean hezteko bidean, Hirukideren apustuetako bat boluntariotza da. Hainbat aukera ditu ikasleak boluntariotzaren munduan lehen pausoak emateko. Batetik, Uzturre zentroan egiten diren saioak. Bestetik, begirale izateko ikastaroa egin ahal dute ikastetxean, titulua eskuratuz. Sorospen ikastaroa ere eskaintzen dute Gurutze Gorriarekin batera, baita ikastetxeko gazteagoei ikasketetan laguntzeko aukera, auzolandegietan parte hartzea, elkarbizitzak, ekainean azterketak bukatu ondoren haur eskolan boluntario izateko aukera...
Amaia Mancisidor da eskolako eta eskolaz kanpoko boluntariotzaren koordinatzailea: «Ikastetxean DBHn bertan lantzen dugu boluntario izateko aukera. Batxilergoan zenbait ekimen zehatz eskaintzen dira. Lehen eta bigarren mailan Uzturre zentroarekin dugu harremana: lehenengo mailan Topic zentroarekin batera Esku Biziak proiektuan parte hartzen hasi dira, eta bigarren mailan, erlijioko klaseen barnean, taldeka 10 orduko praktikak egiten dituzte Uzturre zentroan aiton-amona eta gaixo psikikoekin».
Batxilergoan boluntariotza lantzen da ikasgelan bertan: hainbat erakundek zer lantzen den ikusten dute lehen mailan, eta bigarren mailan informazio jasotzen dute Tolosaldean dauden erakundeei buruz, interesa izanez gero horietan parte hartzeko. «Ikasleek erantzun oso ona dute», dio Mancisidorrek. «Gerontologikoaren esperientzian parte hartzen duten gehienek espero ez duten zerbait aurkitzen dute eta asko gustatzen zaie».
Boluntariotzaren bitartez, ikasleen inplikazioa bultzatzen du Hirukidek. «Belaunaldi berriak datoz eta egun gizartean ikusten ari diren hainbat gauza ez daude ondo», dio Mancisidorrek. «Boluntariotzarekin aukera bat ematen zaie gauza txikiak eginez aldaketak sortzeko».
Esperientzia horietan parte hartuz, ikaslea bera ere aldatu egiten dela esan du Mancisidorrek: «Uzturre zentrora joaterakoan, lehenengo egunean beldurtuta daude. Bertan egon ondoren, han bizitakoa gustura azaltzen dute. Bere bizi esperientziarako oso ona da, bere barnea aberastu egiten da».