Anje Duhaldek ekarriko du ‘Berria’ren 10. urteurrena Tolosara, maiatzaren 17an

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 3a, 07:37

10 urte beteko ditu laster ‘Berria’k; herriz herriko ospakizunez gain, berrikuntza prozesuan ari dira

Maiatzaren 17an kontzertua eskainiko du, Leidorren, Anje Duhaldek.

2003ko ekainaren 21a zen, eta Berria egunkaria lehen aldiz eskuartean izan zuten hainbat euskaldunek, egun hartan. Hilabete batzuk lehenago Euskaldunon Egunkaria itxi zenean, euskarazko prentsan sortutako hutsunea betetzera iritsi zen Berria, eta hamar urteko ibilbidean, 14.000 irakurle eta laguneko sarea osatzera iritsi dira. Ospakizunek herriz herriko ibilbidea egingo dute, eta datorren maiatzaren 17an, Anje Duhalderen kontzertuak ekarriko du Berriaren urteurrena Tolosara.

Pasa den apirilaren 12an hasi zen herriz herriko kultur jardueren ibilbidea, eta urteurrena ekainaren 22an biribilduko dute, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean ospatuko duten egun osoko jaian. Kulturari eskainitako emanaldi horietan guztietan, genero eta estilo askotara iritsi nahi izan dute Berriako antolatzaileek, eta Anari, Ruper Ordorika, Gari, Eñaut Elorrieta, Inore Ero Ni, Borja Estankona, Leire Gotxi, Igelaren banda nahiz Anje Duhaldek jarri dute beren alea.

Horrez gain, Zertarako hegoak antzezlana ere, Berriaren 10. urteurrenaren harira sorturiko lana da; Berriaren ekimenez, Metrokoadroka Sormen Laborategiak ondu du obra, eta herriz herriko ibilbidean, 12 oholtzaran taularatuko dute.

Martin Ugalde kultur parkeko jai egunean, berriz, haurrentzako ikuskizunak, bertsolariak, jan-edana, nahiz Petti, Napoka Iria, Morau eta Gose musika taldeen kontzertuak izango dira.

Urteurrenak ospatzeaz haratago, ordea, Berria egunkariak aurrera begira pasa ditu azken hamar urteak, eta horretan dihardu gaur egun ere; hedabideak etengabeko berritze prozesuan diren honetan, hainbat berrikuntza prestatzen ari dira egunkarirako. Oraingoz, sakelako telefonoetan egunkaria irakurtzeko aplikazioa sortu dute, eta Ibilkari izeneko mendiari buruzko ataria ere eskuragarri da jada. Aurrera begira estilo liburua sarean izango dute, eta webgunea ere berrituko dute.

Garai berrietara egokitze horrek, gaur egungo 62.000 irakurleek eta web atariko 5.300.000 bisitariek osatzen duten sarea hedatzeko bideak irekiko dizkie.

Euskal rockaren iturritik

Arrangoitzetik (Lapurdi) iritsiko da Tolosara, Berriaren 10. urteurrenaren oihartzuna, Anje Duhalderen eskutik. Datorren maiatzaren 17an, 20:30etik aurrera, Leidor aretoan kontzertua eskainiko du euskal rockaren erreferentzietako bat denak. Emanaldirako sarrerak, gainera, TOLOSALDEKO ETA LEITZALDEKO HITZA (Araba etorbidea, 5, Tolosa) egunkariaren egoitzan salgai izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!