EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du, Osasun Sailak Invizarekin duen hitzarmena ebaluatzeko
Tolosaldeko osasun mahaia osatzeko deia egin du TOPAk.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak, Tolosaldeko alkateek Jon Darpon Osasun Sailburuarekin izandako bileraren balorazioa burutu dute, eta besteak beste, Asuncion klinika publiko egiteko eskariak ezezkoa jaso duela nabarmendu zuten, pasa den astearteko agerraldian. Horrela, beren protestak Eusko Legebiltzarrera eramateko erabakia ezagutarazi dute.
Apirilaren 3an, Gasteizen elkartu ziren Tolosaldeko lau alkate, Osasun Sailburu Jon Darponekin. Bileran, besteak beste, TOPA koordinakundeak eta eskualdeko alkateek bat eginda adostutako eskaerak eta protestak helarazi zizkioten Darponi, Asuncion eskualdeko ospitale publiko egiteko bideak irekitzeko helburuz.
«Darpon jaunaren hitzak onak izan arren, erabateko ezezkoa jaso du gure eskariak, eta Asuncion klinika ez dute publiko egiteko asmorik azaldu; TOPAk horren alde borrokan jarraituko du», nabarmendu dute.
Hasiera batean itxaropena piztu zitzaien, izan ere, «aurreko sailburuak ez zuen gurekin bildu nahi izan». Hala ere, TOPA ez da gustura azaldu Darponen erantzunarekin: «Bere hitz goxoek ez gaituzte engainatzen, bere politika osasun gaietan murrizketak eta pribatizazioak egitearena delako. Orain lehen baino okerrago gaude, itxaron zerrenda handiagoak daudelako, Anbulatoriotik espezialitateak desagertzen direlako eta espezialistak ez diren medikuak espezialitateetan lanean ari direlako», salatu dute.
TOPAren ustez, «ezinbestekoa da eskualde osoaren herri mobilizazioa, eta eskualde osoko alkateen batasuna». Izan ere, auzia eskualdean bertan jorratu beharrekotzat dute, eta «benetako lan agenda bat egitea» eskatu dute: «Data zehatzekin lan agenda bat beharrezkotzat dugu, gobernuko, udaletako, Asuncion klinikako eta koordinakundeko kideek osaturiko osasun mahaia martxan jartzeko».
EH Bildu «kezkatuta»
Legez besteko proposamena egin du EH Biduk Eusko Legebiltzarrean, «kezkatuta», Osasun Sailak Asuncion klinikako kudeatzaile Inviza S.A. enpresarekin hitzarmena berritu behar baitu.
Koalizioaren ustez, «osasun zerbitzu publikoak enpresa batekin kontzertatzeak arazo nabarmenak» sortzen ditu: «Jaurlaritzak enpresaren esku uzten du zerbitzuen neurketa, eta enpresaren helburu nagusia irizpide ekonomikoen menpe egonez gero, zerbitzua kalitatezkoa, euskalduna eta unibertsala ez izatea gerta liteke», salatu du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.
Horregatik, legez besteko proposamenaren bidez, «Osasun Sailari bi hilabeteko epean hitzarmenaren ebaluazioa egitea» eskatu diote, helburuen betetzea, herritarren beharrak eta zerbitzuen kalitatea irizpidetzat hartuz. Guztia, «Asuncion puliko egiteko helburuz» egingo dute.