Egun bakarreko greba egingo dute bihar SAMeko langileek, azken urteotan enpresak burutu dituen kaleratzeak salatu eta hauek errepika ez daitezen eskatzeko .
2011ko irailetik hona, 17 langile kaleratu ditu enpresak, horietako bost, pasa den martxoaren 31n. Enpresak arrazoi produktibo eta ekonomikoak aipatu zituen arrazoi gisa. Langileak, ordea, ez daude ados: «Mozkinak ahalik eta gehien handitzea dute helburu. 2009tik dibidendu banaketa izugarria izan da, eta aberastasuna enpresatik atera zuten, etorkizuna kolokan jar zitekeen edo ez kontutan hartu gabe. Langileok gogor salatu nahi dugu jokaera hori».
Zuzendaritzak kaleratzeak albo batera utziz gero, «enpresaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko prest» daudela azaldu dute langileek komunikatu baten bitartez.
Bihar, beraz, kaleratzeak geratzeko eskatuz eta kaleratuekiko elkartasuna adieraziz greba egingo dute. Goizean goiz, Tolosatik kotxe karabana egingo dute Donostiara bidean. Han, Gobernuko Enplegu eta Gizarte Saileko egoitzan kontzentrazioa burutuko dute.