Joxemari Iturralde, idazlea
Joxe Mari Iturralde Uria. Hitz jokoa eginda, Jimu. Lagunarteko ezizena. Margolanetan erabiltzen zuen sinadura. Egun, Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951) du izen artistikotzat eta berak ere horrela aurkezten du bere burua. Sorkuntzaren alor ezberdinetan aritua da. Margolari kontuak aspaldi atzean utzita, bere burua idazletzat du.
Aldi berean sorkuntza ezberdinak egiten dituzunean, horietako bakoitzean Joxemariren zatitxo bat erakusten duzu ala guztietan berbera?
Ni gaztea nintzenean argi nuen gauza bakarra zer egin nahi ez nuen zen. Sorkuntza nuen eta dut gustuko, eta margotzen hasi nintzen. Beti esan izan dut bizitzan hiru gauza batera eginez gero, ez duzula bat bera ere taxuz egingo. Unibertsitatean literaturara jo nuenez margotzeari utzi nion eta idazketan jarri nuen fokua. Ez dut beraz alor ezberdinen talkarik izan.
Joxemari Iturralde[/caption]
Sortzaile abangoardista bezala definitzen zaituzte.
Esaten da abangoardiak XX mende hasieran hil zirela. Frankismo garaian, euskara debekatuta zegoen, gero Franco hil eta Pott izeneko taldea osatu genuen eta euskaraz idazten genuen. Abangoardia nahikoa zen garai hartan literatura euskaraz egitea.
Luze egon zen bizirik Pott banda. Honelako ekimen bati bizia ematea ezinbesteko ikusten zenuen 77an?
Gauzak askotan ez ditugu egiten gerora pentsatzen. Momentu hartan hemengo giroa itogarria zen. Oso tristea, itxia. Eta kanpotik ekartzen hasi ginen hemen ez zegoena, kanpoan egiten zen literatura euskaratu egiten genuen, leihoak irekiz hemen aire freskoa sar zedin, hori zen gure helburua. Euskaraz argitaratu ahal izateko, editoriala behar genuen eta ez geneukan dirurik. Egin bitarte Pott aldizkaria sortu genuen. Diru falta dela eta, dena guk egiten genuen: idazketa, diseinua, banaketa, salmenta…
Lehen alean: «Bi hitzetan adieraziko dizuegu zertan den gure konplotta. […] Editoriale bat ez da beti sortzen plangintza kulturalaren hutsuneak betetzearren. […] ez gaudela inori serbitzeko geure buruak argitzeko baino. Mekaben Pott»
Dena kontra geneukan, egun Nafarroako Erriberan euskaraz egin nahi dutenei pasatzen zaien gisan. Egoera hori Euskal Herri guztian zegoen: debekua. Gure aurkako konplota zegoen diktadura ondoko garai hartan eta saiatu behar genuen horri buelta ematen. Garai hartan ez geneuzkan guztiz argi geure buruak baina ekinean argitu genitzakeela uste genuen. Horrela, aldizkari literarioak egiten hasi ginen.
Azken alean: «[…] orain ere aski zaigu galbahe literarioa edonor hartzeko adiskide, eta idazleen joera linguistikoa apur bat begiratzen badugu ere, horrek ez digu gehiegi ardura, ez baikara, askok desio luketen bezala, Euskaltzaindia punk bat […]»
Azken alea, seigarrena, mardula zen oso, baina pott egin genuen ez geneukan eta dirurik. Azken alean gure ezagun eta lagun idazle gazteen lanak sartzen hasi ginen, gazteleraz zirenak. Nahiz eta euskaraz ez zekiten gure proiektuarekin konforme zeuden eta gurekin lan egiteko gogoa zuten. Guk bide hori itxi ordez proiektuan sartu genituen. Kritikatuak izan ginen, baina gauzak ez dira inoiz garbiak izaten: batzuk beti alde izango dituzu eta beste batzuk kontra.
1983an zure lehen ipuin-bilduma argitaratu zenuen, Dudular.
Pott bandan 3 urtez ibili ginen aldizkariarekin. Dirua lortu nahi genuen editoriala osatzeko eta garai hartako literatur lehiaketetara gure ipuinak aurkeztea bururatu zitzaigun. Sari potoloak ziren eta nik 2-3 irabazi nituen. Ipuin horiekin eta beste batzuekin antologia moduko bat egin nuen, Dudular izenekoa.
Ordutik ibilbide luzea egin duzu, batez ere haur eta gazte literaturan.
Helduentzako liburuak egiten ditut. Liburuok idazteak denbora mordoa eta dokumentazio lan handia eskatzen dit. Mantso joaten naiz. Kilkerra eta roulottea nobela idazteko, adibidez, 8 urte egon nintzen jardunean. Gora-behera asko dituzu. Egun batzuetan zure burua tunel baten erdian ikusten duzu, ez atzera eta ez aurrera. Tartean, estresa kentzeko edo, egiten nabilena albo batera uzten dut eta burua arintzeko umeentzako edo gazteentzako ipuin edota liburu bat egiten dut. Atseden bat hartu eta apunteei forma ematen diet. Gero ekiten diot berriro nobela idazteari.
Haur literatura gutxietsi egiten da?
Jakina da letra larriz idazten diren obrak helduentzako idatziak direla, baina ez pentsa. Haurrek estimatzen dituzte beraientzako egindako lanak. Umeentzat idaztean ibilbide bat ere egin behar duzu ikastetxez ikastetxe. Beraiekin harremana daukazu eta zure fruituen erantzuna jasotzen duzu. Hori idazle batentzat oso aberasgarria da.
Umeentzat ulerterraza egitea zaila da ezta?
Beraien mundua asmatu behar duzu. Eta asmakuntza horretan ere, asmatu. Mundu horietan sartu behar zara eta gustuko dutena sortu. Gaia, idazteko modua, erritmoa, estiloa, hizkuntza berezia… guztia aldatu behar da eta ez da batere erraza.
Literatura heziketarako bide da. Ikasi egiten da irakurriz…
Eta bizi. Ezin dituzun hainbat gauza bizi ditzakezu. Beste toki, giro eta denbora batean kokatu zaitezke. Beste mundu batean sartu. Literaturak aukera hori ematen dizu, etxetik mugitu gabe beste bizitzak bizitzekoa. Gainera, testuinguratzen zaituenez eta parte sentitzen zarenez, bizitzeaz gain ulertu ere egin dezakezu.
Datei eta kopuruei begiratuz, 2012an lau liburu argitaratu zenituen.
Arraroa da bai, baina zu baldintzatuta zaude. Zuk idatzi ditzakezu denbora ezberdinean eta editorial bakoitzak erabakitzen du noiz argitaratu. Beraz, duela lau urte idatzitako liburu bat jendearengana aurten ailegatu daiteke editorialak horrela nahi badu.
Aurten zure azken lana aurkeztu duzu: Rasputin eta San Petersburgoko gauak. Errusiako azken tsarraren egunak berregiten dituzu.
Duela 100 urte pasa zen hori. Orduan langabezia, injustizia, korrupzioa eta miseria zeuden, gaur bezala. Kalean protesta bizia egiten zen. Giroa lehertzear zegoen eta azkenean iraultza etorri zen. Agintari, politikari, jauntxoek, aldiz, festak eta orgiak egiten zituzten ia egunero, palazioetan, aberatsen etxeetan. Kontraste izugarria zegoen. Nolabaiteko paralelismoa dago egun guk bizi dugunarekin. Eta istorio hori bi euskaldunen begitatik dago kontatuta. Bata, mediku baten etxean bizi den mutila da eta bestea, printzearen etxeko neskamea. Tartean, Rasputin dago, miresmena eta gorrotoa eragiten duena.
Binomio moduko bat da. Gizaki guztiek eragiten al ditugu sentimendu kontrajarriak?
Rasputinek jendea sendatzeko ahalmena zuen. Errusiako herederoa izango zena hil zorian zegoen eta berak salbatu zuen. Tsarinak jauregian geratzeko esan zion eta Rasputin botereaz baliatu eta politikariekin dena manipulatzen hasi zen, guztia nahasten. Kaleko jendeak Rasputin etsai bezala ikusten zuen, burgesek miresten zuten bitartean. Guztiok eragiten ditugu kontrajarriak diren sentimenduak.
Eta egoera kontrajarriak bizi dituztenek ondorio berberak ere jasan ditzakete?
Rasputin eta protagonista euskaldunen kasua da hori. Bikote horrek, pertsonaia euskaldun horiek egoera sufritzen dute, eta beraiek aparteko egoera hori sortu ez dutenez ezin dute ezer ere egin aldatzeko. Rasputinek ere ez zuen iraultza nahi, baina nahigabe eragin zuen. Liburuko bi protagonista nagusiak, bikote euskalduna eta Rasputin, biak daude preso eta biak sufritzen daude egoera latz hori: nahita eta nahigabe.
Idazten duzun hori egungo gizartearekin ala zurekin lotu ohi duzu?
Ni, protagonisten eta nire artean distantzia bat jartzen dudan arren, istorioak betiere Euskal Herriarekin lotura duenez, gertu sentitzen naiz. Ni ez naiz protagonista eta ez zait beraiei gertatutakoa pasa, baina euskalduna naizenez, gertutasun moduko bat beti dago.
Zuretzako ala irakurleentzako idazten duzu?
Irakurtzea eta idaztea gustatzen zait betidanik. Ezin dut bizi irakurri gabe eta gaizki nago denbora luzez ez badut idazten. Ezinbestean idatzi edo irakurri egin behar dut. Idazleak beste norbaitek irakurtzeko idazten du. Eta ahalik eta irakurle gehien izateko. Idatzi duenaren irakurlearekiko hartu-emana bilatzen du. Baina isla batean bakarrik egongo banintz irakurtzen eta idazten jarraituko nuke, dudarik gabe, sekula irakurlerik ez eduki arren. Barrutik sortzen zaizun zerbait da, idazteko eta irakurtzeko eskatzen dizun zerbait.
Idazten jarraituko duzu beraz.
Dudarik gabe. Eta irakurtzen. Nahi dudana egiten dut, gustatzen zaidana. Ez nau inork idaztera bultzatzen edo behartzen. Nire gustuko zerbait egiten dut beti, alegia, irakurri eta idatzi. Ez dut aldatu beharrik.