Tolosako euskararen mahaiko eragileek euskaraz ez dakitenei begirako bi hitzordu aurkeztu dituzte
Tolosako euskararen mahaia osatzen duten eragileek, euskaraz bizi ez direnei begirako bi jarduera antolatu dituzte; Aitzol Udal Euskaltegian egin dute bi hitzorduen aurkezpena, eta «euskararen alde egotetik, euskara erabiltzera bultzatu nahi ditugu tolosarrak», nabarmendu dutenez.
Galtzaundi Euskara Elkarteko Idoia Lahidalgak, azken hamarkadan Tolosan euskarak izandako aurrerakada nabarmendu du: «Tolosak jakin du euskarari eusten, eta azken 10 urteotan sekulako aurrerakada egin du. Gaur egun, %85ekoa da ezagutza maila, Tolosan; %65ak arazorik gabe egiten du, eta %21 inguruk, berriz, erabiliz nahiz ulertuz, komunikatzeko adina gaitasun du euskaraz».
Honen harira, 2012ko neurketen arabera, aipatzekoa da euskararen erabilera %43koa dela tolosarren artean, eta tartean haurrik baldin bada, berriz, %65 ingurura igotzen dela.
Horrela, «Tolosa euskararen benetako hiri» izatera iristeko, euskaraz ez dakien Tolosako herritarren %14 hori animatu nahi izan dute Mikel Uzkudunek, Inaki Irazabalbeitiak eta Idoia Lahidalgak, agerraldian: «Euskal Herriko eskualde gutxik dituzte, Tolosadearen gisako baldintza soziolinguistikoak, euskararen hiri nahiz eskualde izateko; gainera, Euskal Herriaren bihotzean dago, eta leku gutxitan ez bezalako hobekuntza suertatu da azken hamarkadetan. Horregatik, denon artean eraiki behar dugu euskararen hiria».
Enpatiaz, euskara gertuago
Tolosako euskararen mahaiak, bi hitzordu nabarmen antolatu ditu, euskaraz ez dakiten herritarrak euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko helburuz. Batetik, Jon Maiaren hitzaldia izango da, datorren maiatzaren 9an, La Jara elkartean, Riomundo, historia de una familia emigrante izenburupean.
Kulturgile eta bertsolari zumaiarraren guraso eta arbasoak Extremadurakoak dira (Espainia), eta izen bereko eleberria idatzi zuen, bere gurasoek euskaraz ez jakiteak, eta familia erdaldun bateko kide izateak sorrarazi zizkion konplexuak kontatuz. «Horrela, hitzaldiaren ostean, hausnarketak sustatu nahi ditugu, bertaratuek euskararekin nahiz euskal kulturarekin bizi izandakoak konta ditzaten, eta nolabaiteko enpatia sor dadin», azaldu du Lahidalgak.
Bigarren hitzordua, berriz, Aitzol Udal Euskaltegiko ate irekien jardunaldiena izango da; maiatzaren 14tik 16ra bitarte, arabieraz nahiz gazteleraz burutuko dituzte bisitak, eta Aitzolen eskaintza akademikoa, nahiz erakina erakutsiko dizkiete bertaratuei, besteak beste.
Horrela beraz, bi jarduera hauekin batera, euskara jakiteaz gain erabiltzeko deia egin dute, euskararen mahaia osatzen duten Galtzaundi Euskara Taldeak, Aitzol Udal Euskaltegiak, Banaiz Bagara Elkarteak, Tolosako Udaleko Euskara Batzordeak, Kontseiluak, Hirukide Ikastetxeak, Inmakulada Ikastetxeak, Lanbide Heziketak, Laskorain Ikastolak, Samaniego Ikastetxeak eta Orixe Ikastetxeak: «Korrikak euskara elkarri emateko deia egin berri du, eta Tolosan ospatuko den Kilometroak jaiak ere, euskara ahora eramateko aldarria zabalduko du».