Tolosako Udalak 6,2 milioi eurotan murriztu du zorra 2012. urtean

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mai. 1a, 08:11

Ibai Iriarte alkateak eta Lore Agirre alkateordeak 2012ko aurrekontuen likidazioa aurkeztu dute

«Etorkizuneko egitasmoak abiarazteko moduan» daudela nabarmendu dute Iriartek eta Agirrek.

Tolosako Udalak 2012ko aurrekontuen likidazioa aurkeztu berri du, eta besteak beste, udalaren zorra 6,2 milioi eurotan murriztu dutela azaldu dute Ibai Iriartek eta Lore Agirrek: «Oso garrantzitsua da, herritarrek, berena den udala zein egoeratan dagoen jakitea, eta are gehiago egungo krisi egoeran», azpimarratu du Iriarte alkateak.

Horrela beraz, 2012ko aurrekontuak egin aurretik zehaztutako bi helburu bete ditu Tolosako udal gobernuak: «Batetik, aurrekontuaren kontrola berreskuratu du udalak, izaera sozialeko gastua mantenduz, eta bestalde, zorra murriztea lortu dugu».

Helburu hauek lortzeko lehen eragilea, 2012an diru sarrera arruntak igo izana izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerga aldaketaren ondorioz, zuzeneko zergak, zeharkako zergak nahiz tasak igo egin ziren iaz, eta enplegu plana burutu ahal izateko transferentziak ere jaso zituen udalak, aldundiaren aldetik. Horrela, 2012an sarrera arruntak +147.705 eurokoak izan dira.

Kapital sarrerak, ordea, jaitsi egin dira 2012an, Elosegi parkearen zorra mailegurik eskatu gabe ordaintzea erabaki baitzuen udalak; 2012. urtean, 3 milioi euro ordaindu dituzte. Honenbestez, diru sarrera orokorrak jaitsi egin ziren iaz, 1.920.600 eurotan.

«Departamentu guztien lana»

Diru sarrerak jaitsi egin diren arren, 2012an gastuak ere murriztu egin ditu Tolosako Udalak, nabarmendu dutenez.

Batetik, gastu arrunta 2.298.565 eurotan jaitsi dute, pertsonal gastuari dagokionez: «Madrilgo gobernuak hartutako neurrien ondorioz, abenduko ordainsariari dagokion kopurua dago hemen; udalak diru hori gorderik du bere gerakinetan, eta langileei ordainsaria ematea aztertzen ari da», azaldu du Lore Agirrek.

Horrez gain, ordea, kapital gastuak ere 632.625 euro jaitsi dira 2012 osoan, eta beraz, 2.930.890 euro gutxiago gastatu zituen, iaz, Tolosako Udalak.

Honenbestez, 2012ko aurrekontuen emaitza positiboa izan da, eta udal ordezkariek «etorkizuneko egitasmoak sortu eta abiarazteko moduan» daudela azaldu dute. Izan ere, iazko aurrekontuen emaitza +1.010.285 izateaz gain, Elosegi parkeko desjabetzearen zorraren zatirik handiena ordaindu dute, eta Santa Luziako desjabetzearena ere bai; udalaren zorra 4.468.535 eurotara jaitsi dute, beraz.

Ibai Iriartek eta Lore Agirrek, udaleko departamentu eta langile guztiek aurrekontuaren emaitza on hau lortzeko egin duten lana nabarmendu dute: «Oparoaldi garaian zorpetzea izugarria izan zen, eta horrek lan egiteko beste ohitura batzuk dakartza. Esaterako, 2003. urtean zor bizia 405.358 eurokoa zen bitartean, 2011n 12.144.467 euroko zorra zuen udalak.

Honen harira, «iaz langile guztiek aurrekontu murritzagoekin lan egin behar izan zuten, eta esfortzu eta konpromiso horri esker arnasa hartu ahal izan du udalak», Iriarteren arabera.

2011ko 21 milioi euroko zorra 6,2 milioi eurotan murriztuz, beraz, 14,8 milioi euroko zorra du, gaur egun, udalak. Gaur egun, Elosegi parkea eta Santa Luziako lursaila dira, Tolosako Udalak dituen zor garrantzitsuenak.

Elosegi parkearen kasuan (8 milioi euro, guztira), milioi 1 euro ordaindu beharko du aurten udalak, eta beste bi urtetan kopuru bera ordainduz, desjabetzea ordainduko dute; erdia ordaindu dute jada. Era berean, Santa Luziako eremuaren zatirik handiena ordaindu duten arren, epaiaren zain daude, geratzen dena ordaintzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!