Tolosako Beotibar pilotalekuak oso harrera beroa egin dio I. Ogi Berri, Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketari. 150 pilotazale elkartu ziren larunbatean torneoko lehen jardunaldian. Bi partida jokatu ziren Tolosan, eta joko handirik ez zen ikusi.
Jubeniletan, Labaka eta Otaduyk lortu zuten lehen garaipena, Olaizola eta Goñiren aurka. Otaduy-k Agirre ordezkatu zuen, eta partidako pilotaririk sendoena izan zen, huts gutxi eta neurria emanaz. Labakak gantxo eder batzuk egiteko aukera izan zuen, baina oro har, partida ez zen ikusgarria izan. 22-18 amaitu zen lehia, eta hutsak izan ziren protagonista.
Etorkizuneko pilotarien mailan, Bisintxo-Perezek 22-3 irabazi zien Urretabizkaia eta Santxezi. Historia handiegirik gabeko partida izan zen. Santxezek 14 huts egin zituen, eta ondorioz, aurkariak erraz gailendu ziren, 8-3kotik zuzenean 22ra iritsiz.
Txapelketaren bigarren jardunaldia larunbat honetan jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan hasita.