Tolosako Oriako Limousin txirrindulari taldeko Xabier San Sebastianek lau proba irabazi ditu apirilean. Asteburuan, Gipuzkoako XVI. Klasikan, erakustaldia eman zuen San Sebastian jubenilak. Donostiako Egian hasi zen lasterketa, eta bosgarren kilometroan ihes egin zuen Oriako Limousin-eko txirrindulariak. Lasterketak 113 kilometroko ibilbidea zuen. San Sebastianekin batera Caja Ruraleko txirrindulari bat irten zen tropeletik, eta biak, 88. kilometrora bitarte elkarlanean joan ziren. Puntu horretan, San Sebastianek erasoa jo eta bakarrik gelditu zen; modu horretan iritsi zen helmugara, 107 kilometro ihesean egin ondoren.
Gipuzkoako Klasika lortzeaz gain, apirilean, Xabier San Sebastianek Baionako, Aguraingo eta Debako probak irabazi ditu.
Oriako Limousin-eko txirrindulariekin jarraituz, Gipuzkoako Klasikan, Jon Madariaga bigarren multzoan iritsi zen helmugara. Multzo honetan, Jon Irisarri zegoen, baina 500 metro falta zirelarik, sprint-ean, lurrera erori zen. Zorionez, ez zuen zauri handirik egin.
Kadete mailan, Tolosako txirrindulariak Deban aritu ziren lehian. Asier Arozenak bederatzigarren amaitu zuen, eta Aitor Irazuk, hamalaugarren.
Neskei dagokienez, Oriako Limousinekoak Euskadiko Torneoko proba jokatu zuen kadeteetan. Sara Perez hamairugarren aurkitzen da, jardunaldi guztiak batuta, eta Maddi Amundarain hamabosgarren. Juniorretan, Lierni Lekuona lehen postuan doa, eta Ane Iriarte hirugarren.