30 minututik gorako lanak egin dituzte lasterkariek Amasan eta Leitzan

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Tolosaldeko korrikalariek bi probetan parte hartzeko aukera izan dute asteburuan. Larunbatean, Leitzan XXXV. Herri Krosa jokatu zen, eta igandean, Amasan, Loatzoko XXI. Igoera-Jaitsiera. Azken lasterketa honetan, irabazleak eskualdekoak izan ziren: Hassan Ait-Chaou billabonatarra eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra.

Amasan hasi eta amaitu zen proba Uxo-Toki Elkarteak eta  Amasako Martina Kultur elkarteak antolatu zuten. Aurreko edizioetan baino jende gehiago elkartu zen irteera puntuan, eta lasterketan 86 korrikalari aritu ziren lehian. Eguraldia ere lagun izan zutenez, ikusleek ez zuten hutsik egin; Loatzoko gainean giro ederra sortu zen kirolari eta jarraitzaileen artean.

Helmugan lehena Hassan Ait-Chaou izan zen. Billabonatarrak 42 minutu eta 50 segundoan gelditu zuen kronoa. Emakumezkoetan lehenak, Aitziber Ibarbia zizurkildarrak, 51 minutu eta 02 segundo behar izan zituen lasterketa amaitzeko.

Bezperan, Leitzan, XXXV. Herri Krosa lehiatu zen. Guztira, haur nahiz heldu, 300 partaide inguru atera ziren irteera puntutik. Nagusien mailan, gizonezkoek 10 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta emakumezkoek, 5 kilometrokoa.

Aurrera Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketan Raul Amatriain eta Itziar Goñi izan ziren irabazleak. Amatriainek 31 minutu eta 23 segundo behar izan zituen 10 kilometroak egiteko, eta Itziar Goñik, 19 minutu eta 36 segundotan amaitu zuen ibilbidea. Eskualdeetako lehena Aimar Agirresarobe izan zen. Tolosarrak seigarren postuan amaitu zuen lasterketa. Lehen Leitzarra, aldiz, Fernando Irazoki izan zen. Sailkapen nagusian hamaikagarren postuan amaitu zuen Irazokik.

Emakumeen artean, helmugan sartu zen lehen leitzarra Izaskun Bereau izan zen.

Amasan ez bezala, eguraldia ez zuten lagun izan Leitzan: hotza eta euria izan ziren protagonista. Horregatik eta galdutako indarrak berreskuratzeko, lasterketaren amaieran lunch-a jarri zuten antolatzaileek korrikalari guztientzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!