Bihar Hernanirako deia egin du sindikatuak, langilearen egunean «aberastasun banaketa» aldarrikatzeko
Langileriaren osasun eskubide izatea aldarrikatu zuten.
Laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunaren harira, LAB sindikatuak «langileriaren lan baldintzak okertu» egin direla salatu nahi izan zuen pasa den ostiralean, Tolosako Asepeyo mutuaren aurrean. Besteak beste, «laneko segurtasunaren okerreko jardueren arduradun zuzenak mutualitateak dira», sindikatuaren arabera.
Batetik, mutualitateek Gizarte Segurantzaren diru publikoaren kudeaketan laguntzen dutela nabarmendu nahi izan zutenLABeko kideek, «beraz, laneko gertakizunetan botere osoa dute». Horrela beraz, sindikatuak salatu egin nahi izan zuen, «kostuak ahalik eta gehien murriztu» nahi dituztela mutuek: «Lanerako baldintza egokian egon gabe, langileok lanera joatea nahi dute».
Honenbestez, Mutualitateak: kapitalaren morroi. Gure osasun ereduak guk erabaki! lelopean elkarretaratzea eginez, LABek «etorkizunean ere borrokan jarraituko» duela aldarrikatu nahi izan zuen: «Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua irmotasunez susta dadila eskatuko dugu, geure osasun eta prebentzio ereduak geuk erabaki ditzagun: langileriaren osasuna, eskubidea izango da, eta ez dute ekonomia eragileek baldintzatuko; osasun irizpideek soilik baldintzatuko dute».
Hernanirako deialdia, bihar
Langilearen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenak, Hernanin burutuko ditu, bihar, LABek.
Aberastasun banaketan oinarrituriko lan harremana, nahiz babes sozialeko eredu berria aldarrikatuko dute Euskal Herrirako, Hernaniko Gudari plazatik abiatuko den manifestazioan, 12:00etan.
Tolosaldeko Ernaik ere, Hernanirako deialdia egin du: «Egoera sozio ekonomiko honek gehien eragiten dion taldeetako bat gara gazteok». Horrez gain, 17:00etan, bizikleta martxa egingo dute Villabonako plazatik.
Tolosa, berriz, ekitaldia izango da, 19:00etan, Plaza Berrian.