Herritarren ohiko bizileku ez diren 547 etxebizitza huts daude Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 26a, 10:37

Tolosako Udalak datu bilketa egin du, «etxebizitza luxu izatetik, eskubide izatera igarotzeko»

Ibai Iriartek eta Lore Agirrek ezagutarazi dituzte, pleno aretoan, etxebizitza hutsen inguruko datuak.

Tolosako Udalak herrian hutsik dauden etxebizitzen datuak bildu ditu, eta guztira, 547 etxe huts daudela jakinarazi dute Ibai Iriartek eta Lore Agirrek. Azaldu dutenez, «legealdi honetako konpromiso nagusietako bat da, etxebizitza luxu izatetik, eskubide izatera igarotzea»; horrela beraz, zenbait egitasmo abiarazi dituzte azken hilabeteotan, jomuga horri begira.

Batetik, Agaramunduko (igerileku zaharreko) hainbat etxebizitza alokairu sozialean jarri zituzten, irisgarritasun arazoak dituzten herritarrentzat; etxe hauetara joandako adineko pertsonek, hain zuzen, beren etxebizitzak gazteei alokairuan eman dizkiete, eta gaur egun, sei etxebizitza bete dituzte modu honetara.

Ibai Iriartek nabarmendu duenez, gainera, Euskal Herria plazan aurreikusita dauden gazteentzako 27 etxebizitzen obra esleipena datorren asteko osoko bilkurako gaietako bat izango da: «Urte eta erdi barru amaituta izango dira».

Azkenik, Ondasun Higiezinen gaineko zerga aldatu du Tolosako Udalak, eta etxebizitzaren esparruan hartutako neurririk nabarmenetakoa izan da. 2013ko ordenantza fiskalak aldatuta, etxe hutsei %50eko errekargua egin diete lehen aldiz: «Aldaketarekin, Tolosako Udalak etxebizitzen erabilera dinamizatu nahi du, eta era berean, etxebizitza eskubidea ere bermatu nahi du, etxe horiei aterabidea emanaz».

Iriartek nabarmendu egin du, foru arau berriek ahalbidetu dutela ordenantza fiskalak aldatzea, izan ere, «gehien duenak ahalegin handiagoa egin behar du, gutxien duenak zerbitzu publiko duin bat jaso dezan».

«Daukaguna ondo kudeatzea»

Tolosako Udala etxebizitza hutsen datu bilketarekin hasi zenean, datuen arabera 754 etxebizitza zeuden hutsik; 754 etxebizitzetan, beraz, ez zegoen inor erroldatuta.  Lore Agirrek azaldu duenez, Tolosako etxebizitzen %9a osatzen dute etxebizitza horiek.

Hala ere, Tolosako Udalak zenbait salbuespen zehaztu zituen, etxebizitza hutsak sailkatzerakoan: gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxeak, Biziguneren gisako programetan sartuta dauden etxeak, ikasleei errentan emandako etxeak, zahar etxeetan erroldatutako pertsonen etxebizitzak, herentziaz jasotako etxebizitzak, eta azkenik, merkataritza jardueretarako erabiltzen diren etxebizitzak, salbuespen kasuen artean sartu zituzten, beraz.

Behin salbuespen hauen barruan zeuden etxeak zerrendatik aterata, herritarrei erreklamazioak jartzeko epea ireki zuen Tolosako Udalak, «ordenantzaren helburua ez delako diru bilketarena, etxebizitza sistema dinamizatzearena, baizik», dio Agirrek : «280 erreklamazio jaso ditugu, eta banan-banan aztertu ditugu. Lan gogorra izan da, eta baldintzak nahiko irekiak izan dira, lehen urtea delako; horrela, 207 erreklamazio onartu egin ditugu», nabarmendu dute.

Besteak beste, 2012ko alokairu kontratua dutenak, fakturen bidez etxea ohiko bizileku dutela erakutsi dutenak, mendekotasun arazoengatik senitartekoen etxean erroldatuta daudenak nahiz lan arrazoiengatik kanpoan erroldatuta daudenak izan dira, Tolosako Udalak onartu dituen herritarren erreklamazioak.

Horrela beraz, gaur egun, 547 etxebizitza dira, Tolosan hutsik daudenak; Tolosako etxeen %6a osatzen dute.

Auzi honen inguruan, Ibai Iriartek «horrelako neurriak pixkana zurruntzen» joan beharko dutela azpimarratu du: «Hirigintzarako politikarik hoberena, daukaguna ondo kudeatzea da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!