Krisiari aurre egiteko psikologiaren bideak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 25a, 11:15

Dirua egungo bizitza ereduaren erdigunetik kendu, eta denbora nahiz afektibitatea gizartearen indar nagusi bilakatzeko proposamena egin du Nekane Juradok, ‘Krisia emakumearen ikuspegitik’ hitzaldian.

Tolosako kultur etxean eskaini zuen, Nekane Juradok, hitzaldia.

Historiako krisi guztiek «emakumearen parte-hartzea gutxitu edo ezabatu dute». Orain arteko ekonomia eta gizarte ereduek, ordea, badute alternatibarik, Nekane Jurado ekonomialari eta psikologoak Krisia emakumearen ikuspegitik hitzaldian azaldu zuen moduan: denbora eta afektibitatea dira gakoa.

Emakumeek sortzen duten aberastasun erreala ez da kontuan hartzen. Eredu sozial, ekologista eta feminista batetik, hala ere, krisiari aurre egiteko bideak eraiki daitezkeela uste du Nekane Juradok.

Enpresa sektoreak, batetik, emakumeek sortzen duten aberastasun erreal hori xurgatzen duela nabarmendu zuen hitzaldian: «Gutxieneko soldatak markatzearena joko ba da. Berez, etxe batean bizitzeko gutxieneko soldata zehazten dute, baina emakumea etxean baldin badago, kanpora lanera joan gabe, emakume horrek behar-beharrezkoak diren zenbait gastu etxeko lanekin ordezkatzen ditu».

Bide beretik, sektore publikoak murrizketekin ere emakumearen lan hori etxera bideratzeko moduak bilatzen dituela dio.

«Gu gara aberastasuna»

Gizarte eredu berri batera iristea utopiatik urrun dagoela aldarrikatu zuen Juradok, eta eredu sozial, ekologista eta feminista batera begira jarri zen.

Lehenik eta behin, aberastasuna gizarteak berak sortzen duela garrantzitsutzat du psikologoak: «Giza kapitala gu gara, eta diruak, gaur egun, paperak berak balio duena soilik balio du. Goazen, beraz, trukerako bideak sortzera». Horrela, eta eguneko 24 orduak denontzat berberak direla azpimarratuz, truke sistema bat sor litekeela dio, «psiko-afektibitatean oinarrituriko truke sistema bat, gainera».

Gizarte eredu berriak sortzeko, ordea, urteetan barrena herritarrek barruan izan dituzten beldurrak atzean utzi behar direla uste du Nekane Juradok.

Batetik, lehiakortasuna ahaztu behar da bere ustez, «guztiok maila berean egon gaitezen». Era berean, epaituak izatearen beldurra, taldean norbera ez onartzeko beldurra nahiz aldameneko pertsonekin konpromisorako beldurra aipatu zituen.

Hau guztia kontuan izanda, eta tresna ekonomikorik gabe, emakumeek abiarazi dezaketen bizi-ikuspegi bat proposatu zuen Juradok.

«Egun go eredu sozio-ekonomikoen aurrean, pertzepzioa falta zaio gizarteari», azpimarratu zuen batetik. Bigarren tresna, berriz, sormena litzateke bere ustez, bai sortzeko, eta baita barrura begiratzeko ere. Era berean, aldamenekoen bihotza kontuan izatea «ahaztu egin zaigun zerbait da» bere ustez.

Azkenik, bizi erritmoak ere aldatzeko beharra du bere ustez: «Kontsumoaren bat-batekotasun hori kapitalistei soilik interesatzen zaie, baina bizitza ezin da azeleratu. Denbora hartu behar da bizitzeko, eta zoriontasun eredu bat sortu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!