Kuadrilla egunerako eta kartelerako gaia ‘banderak’ izango da

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko apirilaren 25a

Kartel lehiaketa antolatu dute bigarrenez, eta lanak maiatzaren 13rako entregatu beharko dira

Iaz lehenengoz antolatu zuten kuadrilla eguneko kartel lehiaketa; aurtengo antolatzaileek ideiari eutsi, eta festa egunerako nahiz kartelerako banderak hartu dute gaitzat. Maiatzaren 13rako entregatu beharko dira lanak.

Antolakuntza lanetan ari diren kuadrillek baldintza bakarra jarri dute kartelari begira: lanaren ardatza kuadrilla eguna bera izatea. Horrez gain, diseinua, tamaina, kolorea eta antzeko ezaugarri guztiak egileak nahierara erabili ahal izango ditu.

Honez gain, aipatzekoa da aurtengo kuadrilla egunerako banderak hautatu dutela gaitzat, «kuadrilla edo talde bakoitzak bere bandera egin dezan». Honenbestez, sanjoanetako festa egunerako ez ezik, kartela bera irudikatzeko ere erabili beharko da banderaren ideia. Gainera, leloa ere aukeratu beharko dute kartel lehiaketako parte hartzaileek.

Egindako lanak kuadrilaeguna2013@gmail.com helbidera bidali beharko dira, eta saria bi lagunentzako afari bat izango da, Tolosako jatetxe batean.

Azkenik, antolatzaileek argitu egin nahi izan dute, lehiaketa honek ez duela zerikusirik sanjoanetako kartel ofiziala aukeratuko duen lehiaketarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!