Ehuneko ehun Gorrotxategi menua dastatzeko aukera

Ataria 2013ko apirilaren 24a

Bazkari berezia egin zuten atzo Basque Culinary Center-en bildu zirenek. Gipuzkoako alor desberdinetako ehun arpegi ezagun elkartu ziren, Ehuneko ehun Gorrotxategi festan. Izen horrekin elkartu zituzten Idiazabalgo Luis Gorrotxategiren arrautzak, Tolosako Matias Gorrotxategiren txuletak eta Iñaki Gorrotxategiren postreak. Abizen bera izan arren, ez dira familia edo odol berekoak, baina gastronomiak batzen ditu hirurak, euskal gastronomiaren hiru izen garrantzitsu baitira. Euren berezitasunak batuta osatu zuten atzoko menua.

Duela bi urte inguru sortu zitzaien hirurak elkartu eta «zerbait berezia» egiteko ideia. Bada, azkenean bazkari batean gauzatu dute, eta emaitza, Iñaki Gorrotxategi tolosarrak adierazitakoaren arabera, «oso ona» izan da.

Bazkari legea egiteaz gain, Gorrotxategi abizena daraman beste pertsonaia ezagun bat omentzeko ere baliatu dute ekitaldia. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Mediku Pediatren Elkarteko presidente den Pedro Gorrotxategi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!