Lanbideren bidez 14 pertsona kontratatu dituzte sei hilabeterako, irisgarritasun planeko obrak gauzatzeko
San Esteban auzoan hasi dira jada, oinezko bideetako zenbait obra gauzatzen.
Herritarrekin elkarlanean burutu nahi du Tolosako Udalak, eskuartean duen egitasmoetako bat: oinezkoen bideak eta irisgarritasuna hobetzeko plana. Herriko eragileekin eta herritarrekin bi saio antolatu dituzte horretarako, eta 80.000 euroko aurrekontua bideratuko dute kaleko azpiegiturak hobetzera.
Udalaren ustez, «herritarrek inork baino hobeto dakite, eguneroko ibilbideetan, zein oztopo dauden. Beraz, eurek izango dira egitasmoko protagonista». Bide horretan, oinezkoen ibilbide nagusiak hobetu nahi ditu udalak, eta oinezkoen erosotasunaz haratago, irisgarritasuna ere hobetuko dute Tolosako kaleetan.
Helburu hauek guztiak aurrera eramateko, bi saioa antolatu ditu udalak, Ibai Iriarte alkateak eta Garikoitz Lekuona Hirigintza teknikariak nabarmendu dutenez. Lehen saioa apirilaren 29an izango da, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Bertaratuen artean lan talde txikiak egingo dituzte, eta lehen saioko egitekoa Tolosan oinezkoek gehien erabiltzen dituzten bideak identifikatzea izango da; izendatuko dituzte ibilbideen artean, eraikin publikoetara doazenei garrantzia emango diete.
Bilera honen ondoren, parte hartzaileek hamar eguneko epea izango dute, zerrendaturiko oinezko bide horiek aztertzeko, eta konpondu nahiz hobetu behar diren eremuak nabarmentzeko. Udalak ordea, oztopo arkitektonikoez gain, bestelako ezaugarriei ere begiratu behar zaiela azaldu du; bidegurutzeetan ikusmen eremua zein den, oinezkoen bideek zenbaterainoko luzera duten edo hiri-altzariak egokiak ote diren ere kontuan izango dute.
Honen inguruan hausnartu eta gero, bigarren bilera maiatzaren 13an burutuko dute. Besteak beste, aurreko bilerako eremuetan dauden puntu beltzak zerrendatuko dituzte, konpontzeko lehentasunaren arabera.
Garikoitz Lekuona teknikariak gidatuko duen parte-hartze prozesua irekia izango da. Udalak, behar bereziak dituzten eragileak eta taldeak gonbidatu ditu aurrez, baina interesa duen edonori dei egin diote, hilaren 29ko bileran parte hartzera.
Azkenik, aipatzekoa da, Tolosako oinezkoen bideak hobetu eta obrak gauzatzeko, 80.000 euroko aurrekontua erabiliko du udalak.
Lanpostuetarako bideak
Irisgarritasun planak kaleko bideak hobetzeaz gain, 14 pertsonen lanerako bidea ere hobetu du, izan ere, Tolosako Udalak, Lanbideren egitasmo baten bidez, 14 langile kontratatu ditu azpiegituretako obrak aurrera eramateko. Sei hilabetez ariko dira, horrela, lanean.