Aberastasun banaketan oinarritutako eredu berria eskatu du LABek

Ataria 2013ko apirilaren 23a

Aberastasun banaketan oinarritutako lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatu du Euskal Herrirako LAB sindikatuak, eta hori defendatzeko, maiatzaren 1ean, 12:00etan, Hernaniko Gudarien plazatik abiatuko den manifestaziora deitu ditu herritarrak.

Villabona egin du agerraldia LAB sindikatuak.[/caption]

LABek, gobernuek azken urteetan eginiko erreformak «krisi ekonomikoan gehiago sakontzen dutela» adierazi zuen, eta horien ondorioz, «langileak pobretzearen kontura, aberatsak gero eta aberatsago direla, eta eskubideak murriztu eta zerbitzu publikoak gutxitu direla» salatu zuen.

EAEko agintarien aurka ere azaldu ziren: «Ez dira atzean geratu, eta EAJk inoiz prestaturiko aurrekontu antisozialenak aurkeztu ditu. Administrazio publikoak funtzionarioen lan baldintzak dekretu bidez onartu ditu negoziazioari lekurik utzi gabe».

Erreforma hauen ondorio gisa, eskualdeko langabeziari erreparatu zioten. «2008ko abenduan, 1865 langabetu zeuden Tolosaldean, eta gaur egun 3212 daude, %15,57ko langabezia tasarekin».

Horrez gain, langileen baldintzetan «atzerapausu izugarriak» izaten ari direla esan zuen LABek. «ERE edo lan baldintzen oinarrizko aldaketen bidez, eskualdeko langileriaren zati handiena hitzarmenik gabe geratzeko arriskuan dago, negoziazio kolektiboan lan harremanak desarautzeko bidean sakontzeko eginiko erreformen ondorioz».

Hori dela eta, burujabetza politiko eta ekonomikoa, eta aberastasun banaketan oinarritutako lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatzeko Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria lelopean, maiatzaren 1ean Hernanin egingo den manifestazioarekin bat egin du LABek. Gainera, eskualdean aldarrikapenak ere egitea beharrezkotzat jo du sindikatuak «alternatibak eskualdetik eraki behar baitira».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!