Et Incarnatus orkestrak eta lau haur abesbatzek, tartean Laskorain ikastolako Lask abesbatza, kontzertua eskainiko dute Benito Lertxundiren abestiekin Tolosako Leidor aretoan. Emanaldia hilaren 26an izango da, 20:30ean, eta Kilometroak 2013 egitasmoaren barruan antolatu dute.
Unai Igartua Kilometroak 2013ko koordinatzaileak azaldu duenez, «hilero emanaldi indartsu bat antolatzen ari gara eta kontzertu hau izango da hurrengoa». Lask abesbatzaz gain, Gasteizko Crescendo abesbatza, Zegamako Orkatz Txiki haur abesbatza, eta Iparraldeko abesbatza bat etorriko dira, azken hau Donibane Garazi, Baigorri eta Hendaiako eskoletatik sortua.
Miguel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak emanaldiaren garrantzia nabarmendu du: «Benetan interesgarria da proiektu hau. Ahora! leloa du Kilometroak 2013k eta hizkuntza bat ahora ez bada eramaten, zentzurik ez du. Hemen euskararekin eta oro har gure kulturarekin mugak baditugu, zer esanik ez Iparraldean. Benetan garratza da Iparraldean gure kulturak zer oztopo dituen ikustea».
Iparraldean haurrekin euskarazko abestiak kantatzeko proiektuaren berri eman du Zeberiok: «Eskoletako haurrekin osatutako abesbatza da, eta bi zuzendari ditu. Horietako batean, Joxean San Miguelek, egin ditu moldaketak». Orkestra profesional batekin egin nahi zuten proiektua: «Erakutsi nahi zuten euskaraz eginikoa eta bertako kulturarekin lotura zuen emanaldia, eta maila handikoa izatea. Laguntza bat jaso da eta bi kontzertu eman dira Iparraldean, eta orain honek jarraipena du Hegoaldean, lau kontzerturekin».
Proiektuaren helburua azaldu du Zeberiok: «Oztopo guztien gainetik, Iparraldeko haurrek beraiek ikustea euskaraz gauza eder bat egin dezaketela, eta beste haurrekin harremanak egiteko aukera emango die». Emanaldi «oso polita» izango dela esan du Zeberiok, «abesti eder eta ahots ederrekin».
Naiara Mintegia Lask abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, «oso pozik gaude proiektu honetan parte hartzeagatik. Kilometroak antolatzen dituzten ikastola guztiek ez dute beti aukera izaten urtean zehar egiten diren emanaldietan zuzenean parte hartzeko, eta gure abesbatzak aukera hori du proiektu honekin». Bestalde, Et Incarnatus orkestrarekin batera proiektu horretan parte hartzea suposatzen duena nabarmendu du: «Ez da lehenengo aldia Et Incarnatusekin ari garela, eta guretzako beti gozamena da horrelako talde profesional batekin aritzea. Beste abesbatza batzuekin parte hartzea oso aberatsa da, bai niretzat eta baita ikasleentzat ere».
Leidor aretoan egingo den emanaldiaren sarrerak 10 euro balio ditu eta Laskorain ikastolako bi eraikinetan, Kilometroak 2013ko dendan, Leidorreko leihatilan eta www.kutxasarrerak.net atarian eskuratu daitezke.
Bideokliparen grabaketa
Kilometroak 2013 egitasmoak deialdi berezia egin du iganderako. Izan ere, bideoklip ofiziala osatzen ari dira eta igandean azken zatia grabatuko dute, Tolosako Zerkausiaren gaineko terrazan. Horretarako, 200 pertsona inguru behar dituzte, adin eta ofizio guztietakoak. Pertsona bakoitza bere ofizioko jantziarekin joateko deialdia egin dute. 10:00etan elkartuko dira.
Bideo lehiaketa
Kilometroak 2013ko Ikasle Batzordeak antolatu duen Ahora! Bideo Lehiaketara lanak aurkezteko epea maiatzaren 10ean amaituko dela gogora ekarri dute antolatzaileek. Beraz, beste behin parte hartzeko deialdia egin dute. Lanak Laskorain ikastolako idazkaritzan utzi edo kmk13lehiaketak@laskorain.net helbidera bidali daitezke.