Nazioarteko marketinean doako prestakuntza jaso ahal izango dute 15 langabetuk

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 19a, 08:11

Administrazio eta ekonomia gaietan lizentziatuek lehentasuna izango dute parte hartzeko

Leire Otaegi, Joxe Luis Urdangarin eta Unai Andueza izan dira aurkezpenean.

Tolosaldeko hamabost langabetuk, Marketing eta nazioarteko salerosketa prestakuntza espezializatua jaso ahal izango dute dohainik, Lehiberri eta Lanbideren elkarlanaren bidez.

Tolosaldea Garatzeneko kudeatzaile Joxe Luis Urdangarinek, Lehiberri Foroko Unai Anduezak eta Tolosaldea Garatzeneko enplegu zentroko arduradun Leire Otaegik aurkeztu dute proiektua, Lehiberri zentroan bertan, hain izango baitira zikloko saioak ere.

Iaz Tolosaldeko enpresek dituzten gabezia eta behar nabarmenenak identifikatu zituzten Tolosaldea Garatzen eta Lehiberriko langileek, eskualdeko eragileen laguntzaz. Lanbidek eskualde bakoitzean enplegu plan bat egiteko beharra azpimarratu zuen,eta lan horren guztiaren ondorio da, nazioarteko master izaera duen ziklo hau.

Datorren maiatzaren 2an hasiko da zikloa, eta irailaren 27ra bitarte ariko dira lanean, astelehenetik ostiralera, eta 08:00etatik 15:00etara.

Alde batetik, zati teorikoa izango du, eta praktikak ere egingo dituzte. Horrela beraz, zikloan garrantzia nabarmena izango dute, merkatuekin eta marketinarekin zerikusia duten eduki teorikoek; besteak beste, merkatuen informazio sistemak, nazioarteko marketing mixa, nazioarteko negoziazio eta salerosketak eta nazioarteko komertzioen administrazioa hizpide izango dituzte lehen blokean.

Bigarren zati teorikoan, berriz, hizkuntzei berebiziko garrantzia eman diete antolatzaileek azaldu dutenez: «Kontuan izan behar da, prestakuntza jasoko duten ikasleak nazioartean lan egiteko prestatuko direla, beraz, hizkuntzek garrantzia handia dute». Bide horretan, nazioarteko salerosketetarako ingelesarekin hasiko dira, edo business english delakoarekin. Dena den, «Tolosaldetik gertuen dagoen merkatu naturala Frantzian dagoenez», frantsesak pisu handiagoa izango duela, eta 140 ordu eskainiko dizkiotela azaldu du Unai Anduezak.

Azkenik, zikloko zati praktikoari ekingo diote. Anduezak azaldu duenaren arabera, «teorikoki ikasi dutena Lehiberrik burutzen dituen nazioarteko jarduerekin uztartzea izango da helburua, eta praktikak kasu errealak aztertuz egingo dituzte, nazioarteko misio komertzialen esparruan».

Ikasle espezializatuak

Marketing eta nazioarteko salerosketa formakuntzan parte hartzeko, profil zehatz bateko ikasleei lehentasuna emango diete arduradunek, Leire Otaegik nabarmendu duenez: «Lanbideren diru laguntzaren bidez abiarazitako egitasmoa denez, langabetuei zuzenduriko zikloa da, eta Lanbiden izena emanda egon beharko dute parte hartzaileek. Horrez gain, administrazio eta ekonomia gaietan lizentziatuak direnek, nahiz ekonomia zuzenbidean eta ingeniaritzetan lizentziatuek, lehentasuna izango dute». Hala ere, nazioarteko salerosketan esperientzia dutenen profilak ere kontuan izango dituztela azpimarratu dute.

Aipaturiko espezialitateetan tituludunak izatearekin batera, ingelesaren ezagutza ertaina ere eskabideetako bat da, eta beste hizkuntza batzuen ezagutza ere kontuan izango dute. «Azken finean, profil komertziala izatea ezinbestekoa da, lurralde bakoitzean merkatuak oso desberdinak direlako, eta guztietan mugitzen jakin behar delako», gaineratu du Anduezak.

Ikastaroan izena emateko, Tolosaldea Garatzenekin harremanetan jar daitezke interesa dutenak, Lehiberri zentrora bertara joanda, edo 943 65 45 01 telefonora deituta. Era berean, lehiberri@lehiberri.net helbide elektronikora idatzita ere informazioa jaso ahal izango dute.

Zikloak, ordea, hamabost lagunentzako eskaintza beteko du, eta beraz, izen-emate gehiago jasoz gero, Lanbide, Tolosaldea Garatzen eta Lehiberriko arduradunek aukeraketa bat burutuko dutela nabarmendu dute, ezaugarri eta esperientzian oinarrituta.

ETEen aholkularitzarako diru laguntzak abian dira

‘+Innova’ txekeen egitasmoak enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea du helburu

Hiru langile baino gehiago dituzten ETEetan (Enpresa Txiki eta Ertainetan), lehiakortasun hobetzeko helburua dute +Innova txekeen diru laguntzek; abian da jada izen-ematea.

Txeke hauek ETEei beren negozioa hobetu ahal izateko zerbitzu berezituak eskaintzen dizkiete, besteak beste, jarduera berritzaileak sortu eta lehiakorragoak izateko. Horrela, diru laguntza jasoko duten zerbitzuak, aholkularitza zerbitzuak izango dira, soluzio azkarrak, egitasmoak, hausnarketak eta bezero-hornitzaile harremanak hobetu ahal izateko; www.spri.es webgunean azalpen zehatzagoak aurki daitezke.

ETEek gehienez ere hiru zerbitzu kontratatu ahal izango dituzte, eta txeke bakoitzak 500 euroko balioa izango du; enpresek, berriz, 2.000 euroko kostua duen zerbitzua jasoko luke.

Izen-ematea ekainaren 7ra bitarte izango da zabalik, 943 65 45 07 telefonoan edo lehiberri@lehiberri.net-en, aurrekontua lehenago amaitzen ez bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!