Tolosako Alliri auzoan abian da auzo konposta

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko api. 17a, 07:02

Pasa den ostiralean banatu zizkieten giltzak, eta guztira 20 familia ari dira konposta egiten

Pasa den apirilaren 12an jaso zituzten giltzak Alliri auzoan.

Alliri auzoko bizilagunak izan dira, Tolosan auzo konposterako gunea erabiltzen lehenak; pasa den ostiralean banatu zizkieten giltzak, eta 20 familietako 65 herritar ari dira jada, konposta egiten, hondakin organikoak konpostagailura bideratuz.

Tolosako Udala urtarrilean bildu zen, lehenengoz, Alliriko bizilagunekin, auzo konposterako gunearen egitasmoa azaltzeko; interesa azaldu zuten bizilagunek izena eman zuten proiektuan parte hartzeko, eta ikastaro bat jaso ondoren, konpostagailuaren erabilera praktikan jartzen hasi dira jada.

Alliriko bizilagunez gain, Tolosako hainbat auzotara zabaldu du udalak eskaintza, eta horrela, Izaskun auzoko beste 21 familiak, aste honetan bertan jasoko dituzte Zabalarreta parkean jarri duten konposta guneko giltzak; halaber, Amarotz eta Larramendi auzoetako bizilagunek ere laster izango dute konposta egiteko aukera.

Aipatzekoa da, hondakin organikoa botatzeko konpostagailuak izena eman duten familiek soilik erabili ahal izango dituztela, eta ezingo dizkietela giltzak beste bizilagunei utzi; izan ere, izena eman zuten auzotarren araberako edukiontziak jarri dituzte leku bakoitzean.

Organikoa, hondakinen %40

Tolosako Udaleko arduradunek nabarmendu dutenez, «auzo konpostak ez du Tolosan hondakinekin dugun arazoa konponduko, baina norbere etxean materia organikoa banatzea zein garrantzitsua den ikusarazteko benetan baliagarria izan daiteke».

Izan ere, datuen arabera, sortzen den hondakinen zatirik handiena hartzen du materia organikoak, hondakinen %40a osatuz: «Aurrerantzean, sukalde hondakinak ongarri bilakatuko dira, naturari bere lana egiten utziz».

Tolosako auzo konposterako gunean botatako materia organikoa hondakin kudeaketako zirkuitutik aterako dela ere azpimarratu du udalak: «Ez da zabortegira edo konpostatze plantara garraiatu beharrik izango, bertan kudeatuko baita konposta».

Hau guztia prebentzio neurri bat dela azaldu dute, «materia organikoa baita bai errauste plantetan, bai zabortegietan, arazo gehien sortzen dituen frakzioa: «Zabortegian usain txarra eta isurkinak sortzen ditu, eta errauste plantan, berriz, materia organikoa izaten da, erretzean dioxina gehien sortzen dituen hondakina».

Azkenik, Tolosako Udalak, «auzo konposterako gunearen esperientziak bizilagunen arteko auzolana bultzatuko» duela uste du: «Hondakinek sortzen dituzten arazoak konpontzen saiatzeko herritarren inplikazioa nahiz ardura-hartzea sustatu beharrekoak direla uste dugu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!