Buruz buruko txapelketan pentsatzen hasia dago Oinatz Bengoetxea leitzarra

Ataria 2013ko apirilaren 16a

Aurrera Saiazeko pilotariak[/caption]

Ikuskizun bikaina eman zuten Bengoetxea VI.ak eta Beroizek eta Olaizola II.ak eta Zabalak herenegun Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zuten partidan. Alde bata zein bestea finalean jokatzeko aukerarik gabe geratu ziren, bezperan erabaki baitziren finalerako pilotariak, Berasaluze-Albisu eta Irujo-Zabaleta, alegia. Hala ere, zuten guztia eman zuten herenegungo partidan. Azkenean, Olaizola eta Zabalaren aldeko markagailuarekin amaitu zen partida, 22-14. Binakako Txapelketa, beraz, bukatu da leitzarrarentzat, baina, dagoeneko banakakoan pentsatzen jarria dago. Izan ere, laster da hastekoa txapelketa, baina Bengoetxeak zerrendaburu izaki aurrerago ekingo dio lehiari.

Herenegun, Olaizolak maila eta erremate bikaina erakutsi zuen. Baita Zabalak ere, eta Bengoetxea eta Beroiz mendean hartu zituzten. Azken hauek deseroso aritu ziren partidaren zati handi batean. Bengoetxeak ez zuen bere egunik onena izan errematean, eta 20-9ra arte tanto bakarra zuen egina. Partidaren azken txanpan susperraldi modukoa izan zuen, eta saiatu zen, baina beranduegi zen, eta aurkariak iritsi ziren 22ra azkarren.

Aurrera Saiaz, aurrera

Berria Txapelketan Aurrera Saiazek garaipena lortu du Amurrioren aurka, eta final laurdenetan Doneztebeko Erreka taldearen aurka jokatuko du. Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zuen Aurrera Saiazek Amurrioren aurkako neurketa, eta hiru partidak irabazi zituen. Hala ere, utzitako hiru pilotarirekin jokatu zuenez, eta txapelketan gehienez bi egon daitekeenez, partida bat galdutzat eman zitzaion, 0-22ko markagailuarekin. Beste bi partidetan abantaila handia lortu zuenez, kanporaketa gainditu zuen Aurrera Saiazek.

Kadeteetan  Jon Ander Peñak eta Ander Urdanpilletak 22-4 irabazi zuten. Jubeniletan, Peru Labaka eta Xanet Imaz 22-3 gailendu ziren, eta nagusietan Iñaki Artola eta Xabier Telletxeak  22-5 irabazi zuten. Azken partida hau eman zioten galdutzat Aurrera Saiazekoei. Hiruretan Tolosaldeko taldearen pilotariek nagusitasuna erakutsi zuten eta arabarrak tanto gutxi batzuk egin ahal izan zituzten. Aurrera Saiazeko atzelariek ez zuten lan handirik izan, eta aurrelariek tanto ederrak egiteko aukera izan zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!