Zurekin aldizkariaren ale bereziaren bidez ezagutaraziko du alderdiak, Inpernu kaleko batzoki berria
Juan Ramon Baztarrikak eta Begoña Tolosak eman zituzten batzokiaren inguruko azalpenak agerraldian.
Tolosako EAJko kideek, Zumalakarregi kaleko batzokia itxi izana salatu dute. Auzi honen inguruko azalpenak emateaz gain, Inpernu kalean zabaldu duten batzoki berria ezagutzera emango duen Zurekin aldizkariaren ale berezia aurkezteko ere baliatu zuten, agerraldia.
Batzoki ohia uztea «Tolosako abertzale guztientzat oso mingarria da», jeltzaleen arabera; hala nabarmendu zuen, Juan Ramon Baztarrikak: «80 urte luzeko ibilbidearen ondoren, zekenkeriak eta diruzalekeriak lortu dute Francoren diktadurak lortu ez zuena. Abertzaletasunaren hedatze garaian hainbeste ilusio eta lanaren ondorioz Eusko Alderdi Jeltzaleko kideek Zumalakarregi kalean eraikitako Aberri Etxea betirako itxi behar izan da».
Kronologia iruditan
Agerraldian elkarturiko EAJko kideek, Tolosako Zumalakarregi kaleko batzokiaren historia azaldu zuten, Zurekin aldizkariak jasoko duenarekin bat eginez.
Modu honetara, 1932an kokatu dute batzoki ohiaren sorrera. Jeltzale tolosarren arabera, urte hartan batzokia eraikitzeko obra baimena lortu zutenean, garai hartako Tolosako EAJren agintariek, Ureta Higiezinen Elkartea sortu zuten: «Garai hartako egoera politikoa medio, ez zen gomendagarria eraikina EAJren izenean jartzea, eta lur eremua nahiz Tolosako Batzokia higiezinen elkartearen izenean jarri zituzten. Finean, EAJren ondasuna gordetzeaz gain, babes legala emateko asmatutako tresna bat zen Ureta».
1936ko gerran Tolosako Batzokia konfiskatu zuten, eta jada Frankismoa pasa eta gero berrindartu nahi izan zuten Ureta Higiezinen Elkartea: «Ureta Higiezinen Elkartea berridartzeko asmoz, elkartea sortzaile akziodunen ondorengoen eskuetan utzi zuten».
Juan Ramon Baztarrikak eta Begoña Tolosak nabarmendu zutenez, «EAJ ez da urte hauetan guztietan, Ureta Higiezinen Elkartearen erresgistro formaltasun kontuetan sartu, eta tamalez, hautsia eta saldua izan da batzokia berrindartzeko ahalegina; espekulazio interesak eta etekin pertsonalak lortzeko beren arbasoen ahalegina ahaztu eta alboratu dute», gaitzetsi zuten.
Horrela beraz, Inpernu kalean dago, duela bi hilabetez geroztik, batzoki berria: «Lekukoa jaso dugu, eta batzoki berri honetatik lanean jarraituko dugu». Inaugurazio ofiziala, gainera, San Joan jaien inguruan burutuko dute.