‘Emakumea Lidergoa’ jardunaldia antolatu du Ikastn-ek, eta Carmen Garcia Ribas izango da hizlaria
Carmen Garcia Ribas idazlea, kazetaria eta komunikazio irakaslea da, eta jardunaldia gidatuko du.
Gizarteko estereotipoak irauli, eta emakumeen bizitza pertsonal, sozial nahiz profesionalean beren talentua eta dohainak kudeatzeko tresnak eskainiko ditu, gaur, Carmen Garcia Ribas adituak, Tolosaldea GLHIko Ikastn zerbitzuak antolaturiko Emakumea Lidergoa jardunaldian.
Besteak beste, idazlea, kazetaria eta komunikazio irakaslea da Carmen Garcia Ribas, eta gaur egungo gizartean emakumezkoak duen jokabide eta rolaren analisian egin dituen ekarpenengatik ezaguna da. Hau guztia, gainera, Emakumea Lidergoa (Liderazgo Femenino) izena eman dion kontzeptuaren barnean bildu du, hiru saiakera idatzita: 2006an Tengo miedo argitaratu zuen, 2007an El síndrome Maripili, eta azkenik, Miedo a ser argitaratu zuen 2008an.
Taldean hausnartuz
Bost orduko saioa izango da gaurkoa, eta Garcia Ribasek bere ibilbidean bildutako hausnarketa eta edukiak izango ditu hizpide.
Taldeka bilduko dira parte hartzaileak, eta egoerak praktikan jarri nahiz hausnartu egingo dituzte, hizlariak proposaturiko gaien eta tresnen inguruan.
Saioaren amaieran, berriz, Emakumea Lidergoa jardunaldiko parte hartzaile guztiek test moduko bat egingo dute, norberaren gaitasun maila identifikatuz eta garatu beharreko arloak hobetzera bideratutako tresnak narbamenduz, beren dohainak kudeatzeko.
GEMMA ZELAIA, Tolosaldea GLHIko IKASTN zerbitzuko arduraduna: «Inoiz ez da berandu izaten ikasteko»
Tolosaldea Goimailako Lanbide Heziketa Institutuko IKASTN zerbitzuak antolatu du Emakumea Lidergoa jardunaldia, eta Gemma Zelaia da arduraduna.
Gizarte eredua eta estereotipoak aldatze horretan, zehazki zein helbururekin antolatu duzue egitasmoa?
Batetik, emakumeek beren proiektu pertsonal zein profesionalak kudeatu ahal izateko ingurune bat sortzea da helburua. Hori lortzeko, beharrezkoa da emakumeek jokabide estrategikoak ezagutu eta erabiltzea, eta baita euren ondarea kudeatzeko formazio emozionala, intelektuala, ekonomikoa, eta antzekoak jasotzea ere. Finean, jokabide exekutibotik, edo agintzen dizutena egitetik, jokabide estrategikora, hau da, komenigarriena egitera, jauzi egiteko bidea zehaztuko du jardunaldiak.
Lanerako estrategia bereziki landuko dute, biharko saioan, beraz.
Bai. Estrategiarako komunikazioaren trebakuntzak giltzarrietako bat izango dira; konbentzitzeko, sinestarazteko eta hainbat inguru liluratzeko, jarrera, lengoaia eta emozioak erabiltzen ikasi behar baita. Hau guztia, tradizionalki estilo maskulinoko espazioak kudeatzen ikasteko baliagarria izango da.
Arrakasta izan duzue.
60 ikasleko taldea biltzea zen gure aurreikuspena, eta bete dugu. Itxaron zerrendan, gainera, 41 ikasle daude, eta jardunaldia gerturatzen ari den heinean, kopurua goruntz doa. Ehundik gora lagunek interesa erakutsi digute, eta, oro har, balorazio positiboa egin dugu harrerari dagokionez.
Zein da Emakumea Lidergoa jardunaldian parte hartuko dutenen adin-media?
Gazteenak 28 urte ditu, eta helduenak, berriz, 59. Batazbesteko adina, beraz, 41 urtekoa da. Parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak dira. Bizkaitarrak eta arabarrak ere etorriko dira, eta Zaragozako emakume batek eman du izena.
Emakumearen jardun profesionalari begira antolatu duzuen lehen egitasmoa da?
Ez. Ikastn-en 7.ikasturtea da hau. Ibilbide honetan, emakumeen arlo pertsonal, sozial nahiz profesionala garatzeko prestakuntza eskaini dugu, IKTetan, adimen emozionalean, merkatarien jardunean, eta abar.
Helduei formakuntza eskaintze horretan, emakumeek gabezia gehiago dituztela nabaritzen duzue zuek?
Gabeziak baino, oztopo gehiago dituzte emakumeek.
Bizi osorako hezkuntzan, zein da zuen lan egiteko modua?
Eskualdeko eragileekin, eta bereziki prestakuntza eta enpleguko eragile publiko zein pribatuekin elkarlanean aritzen gara, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzako baliabideak koordinatzeko; Lan talde honek Eskualdeko Ikaskuntzako Kontseilua du izena. Jardun honetan, herritarren bizitzan izan ditzaketen zailtasun nahiz beharrei erantzuteko jarduera berritzaileak diseinatzen saiatzen gara, besteak beste. Honen guztiaren inguruko informazioa, gainera, teknologia berrien bitartez ere ematen dugu, www.ikastn.com ataritik.
Zein da zuen egitasmoetan parte hartzen duten herritarren profila?
Askotarikoa da. Gero eta gehiago dira, gaztaroan hezkuntzarik jaso ez zutenak, eta orduan egin ez zutena orain egiten ari direnak. Inoiz ez da berandu izaten ikasteko. Era berean, krisiak bultzatuta ere herritar asko etortzen dira.
Aurrera begirako proiekturik izango duzue esku artean, noski.
Maiatzean esaterako, bi hitzaldi antolatu ditugu, Euskal Herriko Unibertsitateko Raul Ibañezen eskutik. Matematikak, irakaskuntza eta hedabideak izango dira hizpide. Honez gain, eskualdeko gazte langabetuei zuzendutako informazio eta prestakuntza kanpaina diseinatzen ari gara, eragileekin.