Badira jada zortzi urte, euskal dantzaren bidetik, Tolosan aspaldiko erromerietara itzultzeko jaia antolatzen hasi ginenez geroztik. Urtebete beranduago antolatu genuen, lehenengoz, Tolosako dantzari txiki eguna, eta Euskal Herri osoko ehunka gaztetxok astindu dituzte, orduz geroztik, euren oinak Tolosako plazetan.
Hastapen haietako helburu eta gogo berberekin jarraitzen dugu urteroko festa egun hau antolatzen, eta aurrera begira ere, jomuga berriei begira gaude Udaberri dantza taldeko kideok.
Bide honetan, ezinbestekoa izan da, beste urte betez, Tolosako saltoki, taberna nahiz enpresek gure egitasmorako eman diguten laguntza. Kultur eragile garen aldetik, urte osoko jardunaren fruituetako batez gozatzen dugu, bai dantzari gaztetxoekin, eta baita Zerkausiko dantzaldian ere. Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu, beraz, zuei, dantza plazara ateratzeko helburu honetan bidelagun izateagatik.
Era berean, pasa den martxoaren 23an Zerkausi ingurura oinak astintzera bertaratu ziren guztiei ere keinu egin nahi genieke. Han sortu zen giroa errepika dadila datorren urtean!
Itsaso Barrenetxea. Tolosako Udaberri dantza taldearen izenean.