Museoen Egunaren harira, argazki lehiaketa Topic zentroan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko apirilaren 9a

Apirilaren 15etik 28ra bitarte eskatu ahal izango dira izen emate orriak, Topic zentroko leihatilan bertan

Topic zentroak argazki lehiaketa antolatu du, datorren maiatzaren 18an ospatuko den Nazioarteko Museoen Egunaren harira. Parte hartze epea apirilaren 15ean zabalduko dute, eta izen emate orriak apirilaren 28ra bitarte izango dira eskuragarri, Topic-eko leihatilan. Honen harira, argazkiak entregatzeko azken eguna maiatzaren 5a izango da.

Lehiaketan parte hartzeko, Topic gaia erreferentziatzat eman dute antolatzaileek. Modu honetara, «bakarrik, adiskideekin nahiz familiakoekin, parte hartzaileak euren burua museoan bertan erretratatzera gonbidatu nahi ditugu», azaldu dute. Halaber, museoaren argazki orokorrak nahiz txotxongilo zehatz batenak ere balioko dute.

Izena emateko, Topic-eko leihatilako orria bete beharko da, eta argazkiak cit@citolosa.com helbidera bidali beharko dira, JPEG formatuan, maiatzaren 5a baino lehen.

Lehiakideen artean hiru maila egingo dituzte, eta Tolosako epaimahai profesional batek hartuko du erabakia.

Era berean, argazki guztiak Topic-en ikusgai jarriko dituzte maiatzaren 11tik 26ra, erakusketa batean, eta baita www.topictolosa.com atarian ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!