Tolosako Foro Errepublikanoak apirilaren 14a behar den bezala oroitu nahi du, eta II. Errepublikaren 82. urteurrena ospatzeko, aste guztiko egitaraua antolatu du. Ekimen horretan, Tolosako Udalaren erabateko laguntza izan dutela azaldu dute Jesus Mari Penillak eta Antton Karrerak. Inplikazio horren adibide gisa, udalak iragan urteko maiatzean onartutako mozioa ekarri dute gogora, non Errepublikaren oroitzapena berreskuratzeko eta 1936ko estatu golpearen eta diktaduraren biktimei ohorea emateko konpromisoa agertzen zen.
Foroko kideek Aste Kultural Errepublikanoaren aurkezpen ekitaldian, ospakizunak aurkezteaz gain, egungo egoeraren irakurketa egin dute eta monarkiaren amaiera eskatu dute. Amaiera hori inoiz baino beharrezkoagoa dela azaldu dute, eta inoiz baino gertuago dagoela ere esan dute. Horren aurrean, ezkerreko errepublika aldarrikatu dute, non autodeterminazio eskubideak bere lekua izango duen, herrialdeen independentzia nahia bermatzeko, herritarrek horrela erabakiz gero.
Manifestazioa eta bazkaria
Errepublikaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 13an, Donostian manifestazioa egingo da, eta hiriburuan errepublikaren alde egiten den lehena izango dela gogora ekarri du Penillak. Herritar guztiei bertara joateko dei egin diete. Apirilaren 14an, azkenik, bazkari batekin emango diote kultur asteari amaiera. Bertara joan nahi dutenek, Kutxabank-en 22 euro sartu beharko dituzte, izen abizenak aipatuz. Kontuaren zenbakia ondorengoa da: 2095 5081 93 1074768150.
Egitaraua
Apirilak 8, astelehena
19:30. Aranburu Jauregiko erakusketa aretoan, Ibai Iriarte Tolosako alkateak Errepublikako objektu eta argazkien I. erakusketa inauguratuko du. Aste osoan egongo da zabalik.
Apirilak 9, asteartea
19:30. Aranburu Jauregian, Gerra eta errepresioa Tolosan izeneko hitzaldia, Iñaki Egaña eta Carlos Almorza historialarien eskutik. Azken honek, Tolosaldean fusilatutakoen inguruan ere hitz egingo du.
Apirilak 10, Asteazkena
19:30. Garbiñe Biurrun epailearen eta EHUko irakasle laguntzailearen hitzaldia. II. Errepublika: Lan harremanen eredu demokratiko bat izango da gaia.
Apirilak 11, osteguna
19:15ean eta 21:45ean. Leidor aretoan, Trisha Ziff-en La maleta mexicana filma. Lehen emanaldian, aurkezpena eta solasaldia egongo dira.
Apirilak 13, larunbata
12:00. Udaletxeko bilkura aretoan, Memoriaren izenak liburuaren gaztelerazko bertsioaren aurkezpena egingo du egileak, Mikel Errazkin anoetarrak.
Ondoren. Estalkia kenduko zaio udaletxeko toki nabarmen batean jarritako plaka bati. Oroigarrian, diktadurak kargugabetutako udal korporazioari omenaldia egiten zaio. Modu honetan, errepublikarren legezkotasuna aldarrikatu nahi da.
18:00. Donostian, Boulevard-etik abiatuta manifestazioa, Monarkia, injustizia eta ustelkeriaren kontra. Errepublika eta herrien, hiritarren eta langileen eskubideen alde lelopean.
Apirilak 14, Igandea
12:00. Hilerrian jarrita dagoen monumentuaren aurrean lore eskaintza. Frankismoak erail, kartzelaratu, torturatu, erbesteratu eta errepresaliatu guztien oroimenez.
13:00. Udaletxean, bandera errepublikarra jasoko da, ikurrinarekin batera. Musika bandak kontzertua eskainiko du gaiarekin lotura duten piezak joaz.
14:15. Herri bazkaria Zerkausian.