Gutuna: Agur Iñaki

Ataria 2013ko martxoaren 28a

Zaila da norbaitek hainbeste bertute izatea eta bere sentimendua elkarbanatzea, erabat, Iñaki ezagutzeko zortea izan dugun guztiok. Adostasunaren bila aritzen zen gizona, zintzoa, pertsona handia eta artista handia, bi ezaugarri horiek banaezinak izanik. Konpromiso handia zuena bere garaiarekin, bere herriarekin, bere kultura eta gizartearekin, biziki eskuzabala, trukean ezer eskatu gabe, umila, errotutako sentimenduekin, oso tolosarra, euskalduna eta baita unibertsala ere. Iñaki pertsona oso ikasia izan da, jakintsua eta prosa zaindukoa, beti zuhurtasun handiz jokatu duena eta protagonismotik urrun.

Tarteka tokatzen zaigu kasta bereziko jendea ezagutzea, nola jakin ez baina berehala ezinbestekoak egiten zaizkigunak. Horietakoa zen Iñaki. Bere apaltasunean, handia. Bere lan ixilean, gauza ederrenen egilea. Inondik inora eskertzarik espero ez zuen jarrera hortan, ezagutu genion guztion aldetik mirespena eta maitasuna bereganatu zuena. Herrigintzan, kulturgintzan eta gizatasunean dena eman zuen Iñakik eta asko ematen dutenek hutsune handia uzten dute albotik joaten zaizkigunean. Iñakik umezurtz utzi gaitu orain. Bere ondare ikaragarria hor izango dugu, baina min ematen digu horrelako injustizia batek bere ahotsa, jakinduria, idealismoa eta konpromisoa lapurtu izana.

Artearen gaineko jakintza zabala zuen margolari garaikidea zen Iñaki. Formatu eta diziplina artistiko anitzeko lanak egin zituen. Lankide gisa urte asko eman genituen ondoan, kulturari buruz genituen kezkak eta konponbide zaileko egoerak elkarbanatuz. Iñakiren ondoan bizitako esperientzia hauek guztiak, positiboak izan dira guztiontzat. Sekulako emozioa eragin zigun, Tolosari prestigioa ematen dion Herriarentzako Eskulturak proiektua garatzen ari zinela, Nestor Basterretxeak «erakusketa bateratu bat egin nahiko nuke zurekin» esan zizunean. Aranburu Jauregian egin zen 2007ko maiatzean.

Mundu abstraktuak, garaikideak, figuratiboak, espazioak, kromatikak, ehunak, pintzelek... Guztiak osatzen zuen bere mundu artistikoa. Azken aldian, arte iragankorra eztabaidatu izan ohi da, baina suntsikorra ez dena zure ontasuna eta zure obra izango dira.

Cristina, Iñigo, Garazi, Simon, harro egon behar duzue.

Iñaki, bizitza iragankorra da

eta kearen moduan dabil;

udaberria bezain artista gaztea,

adiskideetan parekorik gabea

Agur eta ohore Iñaki adiskide.

Zauden tokian zaudela, Iñaki, osasuna eta pakea.

Juan Garmendia Larrañaga, Nisa Goiburu, Mitxel Perales, Lukas Mendikute, Iñaki Etxeberria eta Antxon Elosegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!