Bidaiak mundu eta esparru asko hartzen ditu. Tolosatik Donostiara trenean joatea izan daiteke, norbaitentzat, bidaia. Kanariar Uharteetara joatea ere bidaiatzea da. Himalaiako tontorrik garaienetara iristeak ere, badu zerbait bidaiatik. Bidaien munduak ukitzen dituen eremu guztietako gaiei aterpe ematen dihardu, azken urtebetean, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak, eta euskal mendizaletasunari begira jarriko da txokoa, apirilean; Euskal Mendizaletasunaren Historia jardunaldiak antolatu dituzte.
Mendiak euskaldunei eta euskaldunek mendiari eman diotena jaso du, azken 30 urteotan, Antxon Iturriza donostiarraren lumak; mendi kronikagile gisa ezaguna da, eta Euskal Mendizaletasunaren Historia jardunaldietako hiru saioak gidatzearen arduraduna izango da bera, Bidaiarien Txokoan.
Hamar urte behar izan zituen, Iturrizak, jardunaldien izen bereko trilogia osatzeko; euskal mendizaletasunaren lekukotasunik zehatzenak bildu ditu, ordea.
Trilogia horren egitura aprobetxatuz, beraz, jardunaldia hiru saiotan banatu dute antolatzaileek: apirilaren 15ean izango da lehena, bigarrena apirilaren 22an, eta azkenik, apirilaren 29an biribilduko dute egitasmoa; 19:00etatik 21:00etara izango dira saioak.
Lehen saioan, 1848tik 1936ra bitarteko kontuak izango dira hizpide, eta besteak beste, euskaldunak lehenengoz Pirinioetara nahiz Alpeetara nola iritsi ziren ezagutu ahal izango dute entzuleek: «Aristokraten garaia izan zen, hasierako hura, dirua behar baitzen mendira joateko. Gero, ordea, mendira joatea kirol ikuspegitik begiratzen hasi ziren», dio Iturrizak.
1936ko gerrak, beste hainbat esparruri bezalaxe, mendizaletasunari ere eragin zion, eta ordutik 1980ra arteko epea jorratuko dute bigarren saioan; besteak beste, Everestera iritsi ziren lehen euskaldunak hizpide izango dituzte.
Azkenik, hirugarren egunean, 1980tik gaur egunerainoko jauzi nabarmenaz ariko dira: «Lehen mendizaletasuna enbor bakarra zen, eta denek denetik egiten zuten. Orain, berriz, mila adar daude, bai mendira igotzeko, bai eskalatzeko, eskiatzeko,...».
Izen ematea zabalik
Jardunaldietan parte hartzeko izen ematea zabalik da jada. 15 euroko prezioa du, eta bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute.
Datuak bidaiari@bidaiarientxokoa.com helbidera bidal daitezke. Diru sarrera, berriz, Euskadiko Kutxako 3035 0028 19 028115607 kontuan egin behar da, gero ordain agiria aurkeztuz.
Antxon Iturriza · Mendi kronikagilea
«Euskal Herrian asko idatzi izan dugu alpinismoaz»
Euskal Mendizaletasunaren Historia lana oinarri hartuko du Antxon Iturriza donostiarrak, jardunaldiko saioak eskaintzeko.
Zure lana burutzeko hamar urte behar izan zenituen. Nola hasi zinen?
1999an, Euskal Mendi Federazioaren 75. urteurrena bete zen. Urteurrena ospatzeko egitarauak prestatzen hasi ziren, eta besteak beste, euskal mendizaleen historia nolabait jaso behar zela erabaki zuten.
Zuk hartu zenuen, beraz, ardura hori.
Bai, eta oso gaizki atera nituen kontuak, lana askoz ere arinagoa izango zela pentsatu bainuen. Ordea, ikerketa bat abiatzean, arakatzen hasten da bat, eta zenbat eta sakonerago joan, orduan eta zulo handiagoa egiten da. Horrela, bi urte pasatakoan, amaiturik behar zuen lana, epe luzerako egitasmo bilakatu zen. Lehen liburua 2004an argitaratu zen, bigarrena 2005ean, eta azken liburua, berriz, 2007an
Uste baino lan gehiago pilatu zitzaizun, beraz.
Bai. Lehendabizi liburu bakarra argitaratzeko asmoa genuen, baina azkenean hiru izan ziren, eta hala ere, gauza asko moztu behar izan genituen. Egia esan, niretzat, lan nekeza izan zen, baina bukatu ondoren, gustura begiratzen dut atzera.
Nolakoa izan zen lekukotasunak bilatze hori?
Garaiaren arabera izan zen. Lehen liburua amaitu nuenean, adibidez, aipatzen diren izen guztien artetik, bi pertsona bakarrik zeuden bizirik; gaur egun, inor ez. Adibidez, 1915ean zer gertatu zen jakiteko, ezin izan nuen inorekin hitz egin, eta egunkariak eta bestelako artxiboak izan ziren nire iturri bakarra. Jardun horretan ordu asko pasa behar dira.
Protagonistekin hitz egitean datuak ere zehatzagoak dira, ezta?
Bai. Beste liburuetan ere hemerotekak eta artxiboak bisitatu behar izan nituen, oso iturri garrantzitsua direlako. Euskal Herrian, gainera, asko idatzi izan dugu alpinismoaz. Hala ere, protagonistekin zuzenean hitz eginda beste ikuspegi bat eman diezaiokezu gauza berari. Horrela, bigarren garaiko datuak biltzeko, Andeetan eskalatzen edo Everesten izandako pertsonekin hitz egin nuen. Azken liburua osatzeko, berriz, mendizale gehientsuenekin hitz egin ahal izan nuen, batzuk zoritxarrez bidean geratutakoak diren arren.
Mendizaletasunaz asko idatzi dela aipatu duzu. Horretan jardun duenetako bat zu zeu izan zara.
Bai, eta lan horretan kasualitatez hasi nintzen gainera. Gazte-gaztetatik joan izan naiz mendira, eta federazioan, lehendakari aldaketa egiteko garaia iritsi zen. Bitarte horretan, aukeraketa prozesua martxan zela, federazioan kazetari lanetan aritzen zenak, bi hilabetez bera ordezkatzeko eskatu zidan. 30 urte pasa ditut azkenean!
Zein ikus-entzule mota espero duzu Tolosako jardunaldietan?
Ez dakit. Tolosa garrantzia handiko plaza izan da mendizaletasunarentzat, oso errotuta baitago. Nik askotan esaten dut, edonori gustatzen zaiola bere arbasoen berri izatea. Beraz, mendirako zaletasuna duenari ere interesatuko zaio mendiaren historia. Jendea gustura egotea espero dut.