Sanjoanak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa abian da

Ataria 2013ko martxoaren 27a

Tolosako Udalak San Joan jaiak iragartzen dituen kartela egiteko lehiaketa antolatu du estreinakoz. Irekia da, edonork parte hartu ahalko du, eta epaimahaiaren eta herritarren artean aukeratzen duten lanak 500 euroko sariak jasoko du.

Parte hartzaileek bi baldintza bete beharko dituzte euren kartelekin, ideia nahiz edukiari dagokionean, originala izatea eta «Sanjoanak 2013 / Tolosa, ekainak 21-25» jartzea. Maiatzaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak kultur etxean. Kartelaren atzealdean egilearen adina eta izenburua jarri beharko dira, eta lan bakoitzarekin batera gutunazal itxi bat entregatu beharko da, egilearen datuekin.

Aurkezten diren kartel guztien artean epaimahai batek lehendabiziko galbahea pasako du. Aukeratutako lan horiek ikusgai jarriko dituzte, eta ondoren, herritarrek euren gustukoena bozkatu ahalko dute. Epaimahaia festa batzordeak izendatuko du, eta emakumeen nahiz gizonen ordezkaritza parekatua izango du. Era berean, gaiaren trataera sexistarik ez dela onartuko adierazi dute udaletik.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Tolosako kultur etxean edota www.tlsbat.net webgunean topatuko dituzte oinarriak. Informazio gehiago nahi duenak edota edozein zalantza argitzeko 943 67 03 88 telefono zenbakira deitu ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!