Aralarrek, atez ateko hondakinen bilketa sistemaren inguruko informe teknikoen emaitzei itxarongo die etorkizuneko hondakinen kudeaketaz erabakitzeko. Alderdiaren bozkak erabakiko du zein izango den ezarri beharreko sistema, eta irizpide teknikoak kontuan hartuz, birtziklatze tasarik altuena bermatuko duen sistema aukeratuko duela esan du.
«Tolosaren onerako», etxeetako hondakinen bilketarako sistema, konfrontaziorako eta gizarte-zatiketarako gai izaterik ez dutela nahi azaldu dute Inaki Irazabalbeitia zinegotziak, eta Alvaro Atorrasagasti eta Zigor Agirrezabala alderdiko kideek.
Metodologia gardena
Bide horretan, adostasunez erabakitzea bilatzen zuen helburuarekin eratu zen hondakinen mahaiaren metodologia babestu dute. Irazabalbeitiaren esanetan, metodologia «gardena» da: «desadostasunak kudeatzeko %70ean ezarri zen gehiengo kualifikatua. Horrela, mahaiko bi kidek erabakiak blokeatzeko aukera zuten. Beraz, ezin daiteke ezer inposatu». Aralarren esanetan, mahai horretan, hondakinen bilketa sistemaren inguruko azterketarako pleguak ezarri zituzten hasieran, EAJren babesarekin. Bertan, helburuak finkatu ziren, %60-70 hasieran, eta %75-80 2016rako. Irizpide teknikoaren nondik norakoak ere adostu zituzten. Horren arabera, txosten teknikoak azterketa konparatibo bat egin behar zuen, edukiontzien bidezko sistema bat eta atez ateko beste bat, gutxienez kontuan hartuta.
Baina mahaiean pleguez gain, beste hainbat gai jorratu dituztela aitortu du Irazabalbeitiak. Harategi eta arrandegietan tuperrak erabiltzeaz, edota inauterietako prebentzio-kanpainaz ere mintzatu dira mahai horretan. «Beraz, soilik atez-atekoari buruz hitz egitea dela helburua esaten duenak, badaki errealitatea faltsutzen ari dela».
Hobetzeko asko
Mahaiak hobetzekoak ere badituela aitortu du Aralarko zinegotziak: «Mankomunitateak gainerako herrietako egoeraz eta erabakiez eman digun informazioa ez da nahikoa eta osoa izan. Hori konpon daiteke eta ez da inola ere mahaia uzteko arrazoia. Horregatik, EAJ, PSE-EE eta Tolosa Txukun plataformak alderdikeriagatik hondakinen mahaia utzi izana kritikatu dute Aralarreko kideek.
EAJren kasuan, hartutako jarrerak, Gipuzkoan diseinatutako estrategia bati erantzuten diola adierazi du Irazabalbeitiak: «Gipuzkoako Aldundiaren kontrola berreskuratzeko EAJk diseinatu duen estrategia bat da, hondakinen bilketa ardatz duena. Estrategia horretan ez zaio interesatzen Tolosan hondakinen auzia adostasunean konpontzea, nahiago ditu konfrontazioa eta gatazka soziala sustatu».
Bien bitartean, Aralarrek hondakinen biltzeko sistema gardentasunez eta adostasunez erabaki dadin lanean jarraituko duela adierazi zuen Irazabalbeitiak. «Adostasunak ezin du onartu a priori jarritako betoak. Konponbidera iristeko, aurreiritziak gainditu behar ditugu». Bide horretan, parte guztiei arduraz eta erantzunkizunez aritzea eskatu die.