Trialsin proba «arrakastatsua» izan da

Ataria 2013ko martxoaren 26a

Tolosako II. Trialsin proba hartu zuen herenegun Tolosak, Biketrial taldearen eskutik, eta Tolosako Udalaren laguntzarekin. Usabal kiroldegiaren aldamenean lekutu zen probak 55 parte hartzaile izan zituen, eta antolatzaileek balantze baikorra egin dute, «arrakastatsua» izan delako.

Tolosa Biketrial taldetik azaldu dutenez, «maila handia erakutsi dute parte hartzaileek, ikusmin handia piztu du eta jende asko etorri da ikustera». Pasa den urteko probarekin alderatuta, bazen berrikuntzarik aurtengoan, izan ere, biketrial egiteko pista handitu egin dute, eta antolatzaileek esan dutenez, kirolariek txalotu egin dute berrikuntza hori.

Emaitzei dagokionez, Irene Caminos tolosarrak ez zuen bere eguna izan etxean jokatutako proban, eta seigarren postuan amaitu zuen kadete-junior-senior mailan. Hala ere, Gipuzkoako txapela ziurtatua zuen Caminosek, aurreko probetan batutako puntuei esker. Maila horretan, David Martin izan zen irabazlea. Alebin mailan ere izan ziren tolosarrak. Oier Lakunza hirugarren izan zen eta Igor Irazu, berriz, laugarren. Unai Iraola da Tolosa Biketrial taldean entrenatze lanetan aritzen dena.

Bestalde, elite mailan munduko onenetakoak izan ziren parte hartzen herenegun Tolosan, eta Benito Ros izan zen irabazlea. Benjamin mailan, berriz, Josu Perezek irabazi zuen eta infantil mailari dagokionez, Alejandro Montalvok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!