Mundu mailako pilotoak ariko dira II. Trialsinean, Usabalgo Bike Park berrian

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 22a, 10:29

Tolosan Gipuzkoako bike trial ligako azken saioa jokatuko dute igandean, 10:30etik 13:30era bitarte

Irene Caminosek eta Oier Lakuntzak denboraldi bikaina borobiltzeko aukera izango dute, etzi.

Bigarren aldiz ospatuko dute, etzi, Tolosako Trialsin txapelketa, eta mundu mailako pilotuen parte hartzeaz gozatu ahal izango dute bertaratuek. Besteak beste, Benito Ros, Rafa Ribau, Jon Areitio, Abel Mustienes, Nacho Heredia eta Iker Rodriguez izango dira Usabalgo Bike Park berrian.

Tolosako Bike Trial taldeko arduradun Unai Iraolak nabarmendu duenez, «ilusio handiz aritu gara txapelketa honen antolaketan», eta Tolosako Udalaren laguntza «ezinbestekoa» izan dela dio. Izan ere, aurrerantzean, Bike Park-a izango da Usabal kiroldegiaren atzealdean; harriekin eta egurrarekin gune artifizial bat sortu dute, eta aldamenean, malda aprobetxatuz, gune natural bat ere izango da. «Aurrerantzean, herritarren erabilera librerako, eta Trialsin taldekoek ikastaroak eta antzekoak antolatu ahal izateko hor egongo da gunea», nabarmendu du Pello Etxabe kirol zinegotziak.

Aipatzekoa da, Gipuzkoako federazioak 6 bizikleta utziko dituela igandean, eta edonork parte hartu ahal izango du, 10 euroren truke bizikleta alokatuz: «Iaz arrakasta handia izan zuen, eta aurten ere gauza bera espero dugu».

Gipuzkoako txapela eskuan

Gipuzkoako Trialsin Txapelketako azken saioa izango da igandean, 10:30etik 13:30era bitarte, Tolosan jokatuko dutena. Usabalgo Bike Parkean jokatuko denaren aurretik, ordea, Hernanin, Pasai Donibanen, Oñatin eta Urretxun jokatu dituzte saioak, urte hasieratik hona.

Alebin, kadete, junior, senior eta alebin mailetako pilotoak lehiatuko dira, eta iazko 58 parte hartzaileak gainditzea espero dute Tolosa Bike Trial taldeko antolatzaileek.

Irene Caminos tolosarrak, ordea, eskuratu du jada Gipuzkoako garaipena, eta igandeko proban ez du ezer jokoan izango. Tolosako bike trial taldea 2011n sortu zenez geroztik, urte eta erdi inguru darama bizikleta gainean tolosarrak, eta aurten emakumezkoen txapelketarik osatu ez denez, gizonezkoekin batera aritu da. Horrela, bera kadetea izanda ere, kadete, junior eta senior mailetako Gipuzkoako txapelduna izango da Irene Caminos.

Gisa berean, Tolosako Trialsin taldeko Oier Lakuntzak ere denboraldi bikaina borobilduko du etzi: «Bigarren postuan dago, eta horrela amaitzea espero dugu», dio Unai Iraolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!