«Uraren kultura berri bat» bultzatu nahi du Tolosako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko martxoaren 22a

Gaur Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak izango dira

Tolosako Ingurumen Zentroa eta Tolosako Udala elkarlanean aritu dira, Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, gaur Tolosan izango diren jarduerak antolatzen. Besteak beste, «uraren kultura berri bat» sortzea da udalaren erronkarik handiena.

Urteroko moduan, uraren inguruko kontsumoaz eta honen zaintzaz herritarrak sentsibilizatzera begirakoak izango dira egitasmoak. Horregatik, tolosar guztientzat informazio puntu bat izango da, egun osoan zehar, Trianguloa plazan; dokumentazioa eskuragarri izango da bertan.

Bestetik, zurrusta-haustekoak edo perlizadoreak banatuko dituzte herritarren artean; etxeko iturrietan jartzeko tresna txikiak dira, eta ur kontsumoaren %50a aurreztea ahalbidetzen dute.

Azkenik, lehiaketa bat ere antolatuko dute, Uraren Nazioarteko Eguna medio; Badakizu zein urtetan izan ziren azken uholde handiak Tolosan? galdera erantzun beharko da, eta irabazleei sariak banatuko dizkiete.

Uraren hezkuntza

Uraren Nazioarteko Egunaren aurretik ere, Tolosako ikastetxeetan gaia jorratu dute neska-mutilek. Izan ere, lehen hezkuntzako 3. zikloan eta bigarren zikloko lehen mailan, ibaiaren inguruko unitate didaktikoa izan dute ikasgai.

Besteak beste, ibaiaren paisajea, historia, parametro fisiko eta kimikoak, fauna eta landaredia ezagutu ahal izan dituzte, bai gelan, eta baita gelatik kanpo ere, burutu dituzten ibilbide gidatuetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!