Euskal dantzaren egun handia izango da etzi, Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 21a, 08:00

Dantzari Txiki eta Erromeria eguna antolatu du Udaberrik, eta 300 neska-mutil elkartuko dira

Zazpigarren dantzari txikian ere, Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak izango dira ikusgai.

Urteroko hitzordua bilakatu da jada, Udaberri dantza taldearen Dantzari Txiki eta Erromeria eguna. Aste Santu aurreko larunbata, horrela, euskal dantzari eskainitako eguna izango da aurten ere.

Euskal Herriko dantzez gozatzeko hamaika modu izango da, goizean goiz elkartuko baitira, Plaza Zaharrean, 300 haur eta gaztetxo; 150 izango dira kanpotik etorritakoak, eta gainontzekoak dantzari tolosarrak izango dira. Beren dantza pauso, musika eta jantziak kalejiran zabalduko dituzte, 11:30etik aurrera, Errenteria, Lesaka, Atarrabia, Galdakao, Hendaia, Gasteiz eta Tolosako dantzari txikiek.

Arratsaldean ere izango da, ordea, zazpigarren dantzari txikiaren barruan, Plaza Berrian eskainiko duten emanaldiaz gozatzeko aukerarik, euskal herrialde guztietako kulturaren zati bat tolosara ekarriz. Eguraldiak laguntzen ez badu, Zerkausian ariko dira.

Oinak astintzeko plaza

Dantzan ez dakitenek, ikasten ari direnek edo dantzari direnek, berriz, iluntzetik gauerdira astindu ahal izango dituzte oinak, Erromerian.

19:45ean triki poteoarekin hasi, eta afalondoren Zesuma taldea ariko da Zerkausiko festa girotzen; tartean, gainera, Larrain dantza ere izango da.

Afari txartelak Raku, Orbela, Xirimiri eta Ikatza tabernetan eskuragarri daude oraindik, 15 euroren truke.

_______________________________________________________________________

Irati Artutxa, Udaberri dantza taldeko ikastaroetako arduraduna: "Taldeko giroa oso ona da, eta horrek gauza berriak antolatzeko gogoa pizten du"

Irati Artutxa

Badu eskarmentua, Irati Artutxak (Tolosa, 1989), dantza irakaste horretan. Udaberri dantza taldeko ikastaroen arduradunetako bat izaki, lanpetuta dabil azken asteotan, Dantzari Txiki eta Erromeria egunerako guztia prestatzen.

Zazpigarren dantzari txikia izango da aurtengoa. Aldatuz joan da antolakuntza, ezta?

Hasieran, Udaberriko ikasle bakoitzak, kanpoko dantza taldeetako bi ume eramaten zituen etxera, bazkaltzera. Gero, dantzari guztiak inguruko elkarteetan banatzen hasi ginen, gurasoen laguntzaz. Aurten, ordea, elkarteetako zuzendaritzetara jo dugu, eta gure egitasmoa aurkeztu diegu. Hainbat elkartek baiezkoa eman digute, eta elkarte osoa hartu dute dantzari txikientzat.

Transmisioa sustatuko du larunbateko jaiak, beraz.

Bai. Batetik, gaztetxoak astero etortzen dira, irailetik maiatzera bitarte, ikastaroetara; taldearen etorkizuna dira. Olentzero eta Erregeen etorrerak, inauterietako dantzari txikia, Dantzari Txiki eguna eta ikasturte amaieran Leidorren egiten dugun ikuskizuna izaten dituzte, eta kanpoko dantzari txikietara ere joaten dira. Ikasitakoa erakutsi, eta besteena ezagutzen dute.

Mutil falta izaten da dantza talde gehientsuenen arazoa.

Bai. Hala ere, aurten, haurren ikastaroetan, mutil talde bat osatu dugu. Besteak beste, beren motibazioagatik hartu dugu erabakia, askotan mutilak bakarrik geratzen baitira taldeetan. Aldiz, mutil talde bat osatu dela ikusten badute, askori gogoa pizten zaie, eta jada dantza utzia zuten mutil batzuk berriz hasi dira aurten.

Dantza tradizionala soilik jorratzen duten talde gutxi izango da, jada. Zuen ikastaroek, hala ere, erantzun ona dute oraindik. Zein da gakoa?

Hori nik ez dakit. Nire ustez, urte osoan zehar kalean egiten ditugun emanaldi, kalejira eta jarduera guztiek badute eraginik, jendeak talde aktiboa garela ikusten duelako; haurrek ere ikusten dute, eta gustatzen bazaie, izena eman nahi dute. Era berean, guraso asko tolosarrak izanda, eta beren seme-alaben lagunak Udaberrin baldin badabiltza, Tolosako Udaberri dantza taldean ematen dute izena. Gero, haur horiek helduago egiten direnean, eurek aukeratzen dute zein dantza mota egin nahi duten.

Helduen ikastaroetan, berriz, lehenengoz plaza dantzei tarte zabala eman diezue.

Bai, nik ikasleak oso animatuta ikusten ditut, eta aurreko urteetan baino jende gehiagok eman du izena.

Musikari askok esan ohi dute, hala ere, jende gutxi aritzen dela dantzan, plazetan.

Egia da. Guk egun zehatz batean antolatzen dugu jaia, eta nolabait dantzarako gogoa duen jende asko elkartzen da. Plazan, ordea, trago pare bat hartu ezean, jende gutxi aritzen gara dantzan.

Hala ere, Erromeria ekitaldi zabala da, eta askotariko herritarrek parte hartzen dute.

16 urte ingurutik gorako jendea etortzen da, besteak beste. Azken urteotan, gainera, helduen ikastaroetako kideak ere animatzen ditugu parte hartzera, eta aniztasuna izaten da Zerkausian.

Dantzarekiko afizioaz harago, dena den, talde batean zuen gisara lan egiteko, beste loturarik izango da.

Gaur egun Udaberriko gehienok, ikastaroen bidetik etorritakoak gara, eta nolabait, dantzaren transmisio hori jarraitu dugu. Beraz, esan daiteke gure bizitzako zati garrantzitsua dela Udaberri. Badira, ordea, duela gutxi hasitakoak ere, eta horiek ere erabat aritzen dira lanean Udaberrin, gustura. Nire ustez, taldekideon artean dugun harreman onak asko lotzen gaitu dantza taldera; dantza egitea gustuko dugu, noski, baina taldeko giroa oso ona da, eta horrek lanerako eta gauza berriak antolatzeko gogoa pizten du.

Giro hori kutsatu nahiko duzue larunbatean, beraz.

Bai, txartelen salmenta ondo doa oraingoz, eta ea hala jarraitzen duen. Nik jendea animatu nahi dut Erromerian parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!