Gutuna: Hondakin organikoa auto konpostatu nahi dugu

Ataria 2013ko martxoaren 20a

Aste honetan irakurri behar izan dugu Tolosa Zero Zaborren ekimenez eta Laskorain ikastolarekin elkarlanean eginiko hondakin organikoaren prebentzio lana, udalarekin,  Bildu  eta hondakinen bilketa sistemarekin nahastu nahia.

Tolosa Zero Zaborren helburua zaborrik ez sortzea da, hondakinak ahalik eta hobekien kudeatzea bigarren helburu bat da, gure filosofian lehena hondakinik ez sortzea baita. Sortzen ez den hondakina ez baita ez bostgarrengo ez zazpigarrengo edukiontzian bota behar.

Bide horretatik auzo konposta sustatzeko kanpaina jarri genuen martxan udazkenean, udala presionatu genuen horretarako; eta inauterietan kilometroetako tabernan sortutako 170kg hondakin organiko konpostatzeko konpromisoa hartu dugu... eta abar luze batek jarraituko du 2013an. Betiere helburu berberarekin, zaborrik ez sortzea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea. Hala ere, konstatatzen jarraitzen dugu horrelako idatziekin, oraindik ezin dutela ulertu zaborrak sortzea dela gure gizartearen arazoa, horiek hondakin bihurtu eta ongi kudeatzea dela gure herritarron ardura, beraz, hondakin organikoa (eta ez zabor organikoa) prebenitzeko auto konposta edo auzo konposta dela sistemarik egokiena; hori idatziaren sinatzaileak ere badaki.

Beraz bi kontu, bosgarren edukiontzia, atez atekoa, zero zabor, udala eta mankomunitatea nahasten dabilen horrentzako: bat, organikoa ongi kudeatu nahi baduzu eman izena auzo konpostan edo auto konpostan, hori da bide egokiena eta, hondakina ongarri bihurtuz eta herritarrei ikaragarritako aurrezki ekonomikoa emanaz. Eta bi, gure ekimen ‘testimonialak’ ez dute amaierarik,  gure helburua ahalik eta zabor zein hondakin gutxien sortzea den heinean beti egongo gara edozeinekin elkarlana sustatzeko prest helburu hau lortzeko; mesedez, hurbildu guregana eta egingo ditugu hondakinak prebenitzeko ahal ditugun ekimen guztiak, hori bai, inoren ekimenik itxaron gabe ekingo dugu.

Azkenik, aurrekoan esan bezala, guk gure ekimena goraipatzen jarraitzen dugu. Inauterietan  Tolosan txukun zegoen gune bakarra Tolosa Zero Zaborrek eta Laskorain Ikastolak elkarlanean hondakinak kudeatutako taberna izan zela.

Orkatz Goenaga. Tolosa Zero Zabor

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!