Ines del Rioren auzia berraztertuko du gaur Europako Giza Eskubideen Areto Nagusiak. Honen harira, Tolosan, 19:30ean, eta Leitzan, 20:00etan, manifestazioak egingo dituzte 197/2006 doktrinaren aurka. Onintza Ostolaza abokatua eta Oihana Barrios psikologoa, gai hauen inguruan mintzatu ziren Herrira-k antolatutako hitzaldian.
Onintza Ostolaza · Abokatua
«Ez dira egun batetik bestera kalean izango doktrina aplikatu zaien presoak»
Onintza Ostolaza (1982, Oiartzun) abokatua da, eta gertutik jarraitzen ari da 197/2006 doktrina aplikatu zaien presoen egoera.
Zer da 197/2006 doktrina?
Auzitegi Gorenak, 2006an, Unai Parot presoa aske gera ez zedin, sortu zuen interpretazioa da. Ordura arte, gehieneko 30 urteko zigorra zuten presoei neurri aringarriak aplikatzen zitzaizkien, eta doktrina honen bitartez, aringarriak eraginik gabe utzi eta preso bakoitzak zigorra bere osotasunean bete beharko zutela zioen.
Eta hori 2006tik aurrera kondenatu zituztenei aplikatu zitzaien?
Ez. Atzerako eraginkortasunez ere aplikatu zen urte hori baino lehenago kondenatu zituzten presoekin, eta hori da interpretazio honen punturik larriena.
Zein izan da doktrinaren bilakaera ?
Doktrina aplikatzeak, espetxeko irteera data jada zehaztua zuten preso askori kondenak luzatzea eragin zuen. Helegiteak egin genituen Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean, lehengo urteko martxora bitartean. Konstituzionalak, ordea, doktrina konfirmatu zuen, eta Europarako saltoa eman genuen, Ines del Rioren kasuarekin adibidez.
Zertan da Inesen kasua?
Estrasburgoko epaitegiko bost epailek, doktrina modu horretan ezin aplika zitekeela zioen ebazpena eman zuten. Sententzia horrek bide asko ireki zizkigun, eta gainontzeko presoei aplikatuarazteko eskatu genuen. Espainiak, ordea, helegitea jarri zuen, eta Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak, Inesen epaia irmoa izan arte ez zutela aplikatuko esan zuten. Gaur bertan izango da azken batzarra.
Beraz, gaur emango dute epaia?
Ez. Gaurkoa bista publikoa besterik ez da. Espainiak eta Inesen defentsak 17 epaileren aurrean beren argudioak eman beharko dituzte. Ondoren, epaile horiek epe bat irekiko dute sententzia emateko, baina ez dakigu zenbatekoa izango den. Baliteke hilabeteez hitz egiten egotea. Beraz, momentuz, Ines ez da aterako, eta gainontzekoak, are gutxiago.
Espainiatik presioa egiten aritu dira egunotan. Fernandez Diaz ministroa «lobby garden» bat egiten ari direla esanez agertu da, eta AVT plataforma ere, sinadurak biltzen ibili da. Zenbaterako eragina izan dezake honek Europako epaitegiarengan?
Ez dakit, baina dituzten mekanismo politiko guztiak erabiliko dituzte emaitza aldekoa izateko. Baina gureari begiratuz, juridikoki oinarri ona dugula uste dut.
Zertan oinarritzen da Espainia doktrinaren alde egiteko?
Zigorraren exekuzioa, hau da, zigorra betetzea, bere eskuduntzapean dagoela aldarrikatzen dute. Europa mailan, estatu bakoitzari dagokio, eta Espainiak hori mantendu nahi du. Baina Europako epaiak ere horri erantzuten dio.
Zer esaten du, ba?
Atzeraeragintasun printzipioa urratzen duela dio, eta zigorra betetzeko irizpideak, hau da, legea aldatuz, kondena bera aldatzea ezinezkoa dela.
Ze eragin izango lituzke kontrako epaiak?
Juridikoki biderik geratzen ez dela esan daiteke, azken urratsa baita Europakoa. Politikoki edo sozialki beste bide batzuk jorratzen hasi beharko lirateke.
Eta ebazpena aldekoa izango balitz?
Oso berri ona izateaz gain, sekulako tresna da. Baina horrek ez du esan nahi egun batetik bestera, doktrina aplikatu zaien preso guztiak kalean ikusiko ditugunik. Gainera, bi eremu bereizi behar dira: Ines eta gainontzekoak. Inesen kasuan, nahiko nabaria da aske utzi beharko dutela. Besteekin, ordea, Espainian Europako sententzien aplikaziorako legedirik ez dagoenez, ezin dugu ziurtasunez jakin zer gertatuko den. Banan-banako lanketa egin beharko da, eta Espainiako epaitegietan beren askatasuna eskatu.
Ze bide jarraitu beharko luke, adibidez, Pello Odriozola tolosarrak?
Europara errekurritua du berak ere, baina tramiteak luzerako ematen dutenez, ez dugu bakoitzarekin asko itxaron nahi. Izan ere, ordurako, baliteke 30 urteko zigorra jada beteta izatea. Horregatik, Inesen sententzia aldekoa bada, aplikatzeko eskatuko diogu zuzenean Espainiari.
Espainiak dio, Europak baiezkoa emango balu, 75 preso inguru aterako liratekeela kalera...
Horrela bada, bikain. Baina ez dugu borondaterik ikusten.
Egongo al dira kalte-ordainak?
Inesen kasuan, Europako sententziak baiezkoa zioen. Konfirmatuz gero, ordaindu beharko diote. Gainontzekoen kasuan, banan-banan aztertu beharko lirateke, Espainiak ez baitu bere borondatez kalte ordainik emango-eta.
Oihana Barrios · Psikologoa
«Doktrinarena ez da 70 izen-abizenen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik»
Oihana Barrios (1980, Iruñea), berriz, Jaiki Hadi mediku elkarteko psikologoa da. Espetxe zigorra luzatu dieten euskal preso politikoekin aritu da lanean.
Nola eragin diezaioke preso bati 197/2006 doktrina aplikatuko diotela esateak?
Lehenengo eta behin, kolpe izugarria da. Ulertu behar dena da, presoak kaleratze-data gertu ikusten duen unean, mentalitatea aldatzen duela. Kanpoko bizitza antolatzen edo proiektu bitalez –aitatasun edo amatasuna esaterako– hausnartzen hasten da. Ariketa mental hori puskatzean, atzera egin eta dena berregokitu behar dute. Horrelako karga bat eramatea zaila da. Zigorraren araberakoa ere bada, ez baita gauza bera, urte baten faltan, edo hilabete baten faltan gertatzea.
Fisikoki edo psikologikoki efekturen bat izaten dute?
Hasiera batean ez du eragin patologikorik uzten, baina bai bestelako sintomak. Adibidez, antsietate arazoak, urduritasuna, tristezia, galduta sentitzea, eta batez ere, ezinegona.
Zein lan psikologiko egiten duzue kondena luzatu diotela esan dioten preso batekin?
Familiaren erantzuna neurrian hartzea eskatzen duen lanketa luzea eta gogorra da. Mezu itxaropentsuegiak ez helaraztea garrantzitsua da. Adibidez, gaurko epaiketarekin gizartean, nolabaiteko itxaropena sortu da, baina beraiekin beste modu batetara jokatu behar dugu. Izan ere, epaia nahi bezalakoa ez bada, karga hori berriro barrura eraman behar izatea, zama handia egiten baita.
Familia aipatu duzu. Zer garrantzia du prozesu horretan?
Presoek sarritan esan izan digute, ez garela beraien buruaz hainbeste arduratu behar, beraien senideetaz baizik. Ingurukoak ondo egotea oso lagungarria zaie presoei, eta hobeto sentitzen dira.
Eta gaurkoa bezalako epaiketei, berriz, nola egiten diezue aurre?
Tramiteek luzerako ematen dute, eta denbora horretan pazientziaz jokatu eta errealistak izan behar gara. Guk hasiera batean, Jaiki Haditik gutun bat bideratzen diegu doktrina aplikatzen zaien guztiei eskua luzatuz, eta gerta litezkeen sintomen berri emanaz. Krisiren bat izaten badute hor gaude laguntzeko. Ondorengo berregokitzapen prozesuan ere laguntzen diegu.
Orokorrean, zer jarrera dute presoek laguntza horren aurrean?
Asko eskertzen dute, baina militantziaz jokatzen dute askok egoerari aurre egiteko. Kolektibo baten parte sentitzeak ere indarra ematen die. Gizartearen bultzada ere ezinbestekoa zaie.
Eta nola jokatu behar du gizarteak?
Erantzun maila handitu beharko luke. Pentsatu behar dugu hau ez dela 70 norbanakori eragiten dien arazo bat, gizarte oso bati eragiten diona dela baizik. Azken finean, heriotza zigor bat da «de facto», eta gure esku dago gure gizartean horrelako zerbait onartuko ote dugun edo ez erabakitzea.