Tolosako Ekinbide Etxeak zortzigarren aldiz antolatu ditu, «mundua Tolosara ekartzeko» saioak
Asiako sei herrialde zeharkatzen ditu Mekong ibaiak, bere 4.900 kilometroetan barrena.
Asiako Mekong ibaiak, Dza Chu, Lancang Jiang, Mae nam Kong, Tonle Thom eta Cuu Long izenak ere hartzen ditu, zeharkatzen dituen 4.900 kiometroetan barrena; ibilbide luze horretan hartzen dituen Tibet, Txina, Thailandia, Laos, Birmania, Kanbodia eta Vietnam deskubritzeko hainbat giltza eskainiko dituzte, gaurtik ostiralera bitarte, Amalur jardunaldiek.
Tolosako Ekinbide Etxea duela zortzi urte hasi zen natura, bidaia eta antropologia oinarri hartuta, Amalur jardunaldiak antolatzen, eta Ekialdeko Afrika, Nepal, Artikoa, Amazonia, Basamortuak, Japonia eta munduko ibaiak izan dituzte, urte hauetan guztietan, hizpide.
Horrela, beraz, gaurtik ostiralera bitarteko saioetan, Asiako paisajea, ohiturak, bizimodua eta bitxikieriak ezagutzeko aukera izango da Topic zentroan. «Erronka berria dugu, aurten, esku artean. Munduko ibaietan barrena ibili eta gero, Asia zeharkatzen duen Mekong ibaia aukeratu, eta bere urek bustitzen dituzten lurraldeak ezagutuko ditugu», azaldu dute antolatzaileek.
Ibaiadar baten ertzetik
Gaur bertan, 19:30ean, Mekong ibaia, tsunamiaren ondoren bizitza hitzaldia eskainiko dute Anjel Cuerdo eta Fabiola Jubin tolosarrek.
Bihar, berriz, Luis Miguel Dominguez madrildarrak Vietnam: Naturaleza secreta saioa eskainiko du ordu eta leku berean.
Azkenik, ostiralean, Las montañas escondidas de China hitzaldia izango da, Eduardo Martinez de Pison-en eskutik.
Anjel Cuerdo, bidaiaria: «Etxean zaudela bidaiekin ameste horrek izugarri balio du»
Mekong ibaia, tsunamiaren ondoren bizitza hitzaldia eskainiko dute, gaur, Topic zentroko aretoan, Anjel Cuerdo eta Fabiola Jubin tolosarrek.
Urte beteko bidaia abiatu bezain laster harrapatu zituen tsunamiak, eta esperientzia hura hizketa gai izango dute.
Zer entzun ahal izango da, gaur, zuen saioan?
Amalurreko jardunaldi hauen gaia Mekong ibaia da, eta gure kasuan, 2004-2005ean izandako esperientzia kontatuko dugu. Mekong ibaiak zeharkatzen dituen sei herrialdeak zeharkatu genituen, eta gure bidaiaren esperientziaren aurkezpen bat izango da.
Tsunamiak bidaiaren erdian harrapatu zintuzten. Bidaia goitik behera aldatu zizuen horrek?
Bai eta ez. Mekong ibaiaz gain, ETBrako hiru dokumental egitera ere joan ginen, eta urte beterako bidaia aurreikusi genuen. Bidaia honi abenduaren 14an ekin genion, eta hasi berritan, Bangkoken geundela, itsasontzi txiki batean bidaia txiki bat hartu genuen Phi Phi irletara, paradisuko lekuak ezagutzeko. Tsunamiak hantxe harrapatu gintuen, eta zer egin erabakitzen egon ginen. Urte beteko bizitza proiektu bat uztea zen aukera bat, eta guk egonezin handia genuen. Azkenean, ordea, bizitzak beste aukera bat eman zigula ikusi genuen, eta gozatzen saiatu behar genuela. Beraz, moto bat hartu eta Thailandia zeharkatu genuen. Ondoren, beste herrialde guztiak ere ezagutu genituen.
Bizitzeko filosofia bat da zuentzat bidaiatzea?
Guretzat aisia da, baina aisialdi hori zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta hobe. Horrek ez du esan nahi beti bidaiatzen egon behar dugunik; askotan, etxean zaudela, bidaiekin ameste horrek ere, izugarri balio du. Beraz, bien arteko uztartze horrek balio du. Orain hirugarren alaba izan berri dugu, eta bai, gure gogoetako bat da bizitzan bidaiatzen jarraitzea eta hori transmititzea.
Egitasmo berri bat ere baduzue esku artean, ezta?
Bai. Familia bidaiak du izena, eta ETBrekin ari gara lanean, dokumentalak grabatuz. Honek ere luzerako jotzea espero dugu.