Guztira, 150 pertsona inguruk osatzen dute TAK, horietako 110 hamabi taldetan banatuta dauden eskualdeko gaztetxok. Talde gehien dituen maila etorkizuneko neskena da, lau ontzik hartzen baitute parte talde urdinarekin; infantil eta kadete mutilen mailan, eta jubenil neska zein mutilen mailan, berriz, bina batelekin lehiatzen da TAK.
Talde gehiago ateratzeko aukera balitz, egingo luketela dio Alijostesek, baina ez dute hainbesterako baliabiderik. «Atoi bakoitzean seina batel eraman ditzakegu, eta horiek, ondoren, txandaka erabiltzen ditugu. Batzuk uretan dauden bitartean, besteek kanpoan itxaroten dute euren txanda. Azken urteotan horrela ibili izan gara, topera».
Irailean hasi zituzten entrenamenduak, eta une honetan batelen txapelketaren erdian daude. Dena den, ez dira hilabete errazak izan; uholdeen eraginez Oria ibaia indar handiz jaitsi, eta hilabete eta erdian ezin uretara irten egon dira. «Helduen mailan ez da hainbeste nabaritu geldialdi hori, arraunean ondo dakitelako. Baina gazteenek ura behar dute, eta hori falta izan dutela nabari izan da orain arteko estropadetan. Hala ere, pixkana erritmoa hartzen ari dira guztiak».
Dominak lortzeko borrokan
Denboraldiaren erdian dira orain TAKeko arraunlariak. Batelen ligaxkako bost estropada jokatu dituzte jada, eta zazpi falta zaizkie amaierara iristeko. Denetariko emaitzak daudela dio presidenteak, baina orokorrean «onak» izaten ari direla aitortzen du.
Etorkizuneko nesken mailan, 37 neskek osatutako lau batel ditu TAKek, eta estropada bakoitzero taldeetako arraunlariak aldatu egiten dituzte. Mailako lehen taldea sailkapen nagusiko laugarren postuan doa 69 punturekin, Orio (82), Hibaika (79) eta Hernaniren (78) atzetik, baina Alijostesen ustez, tarteak gero eta txikiagoak dira: «Pixkana hobera doaz, eta denboraldi amaieran domina lortzea oso zaila den arren, estropadaren batean lortzeko aukerak daude. Dena den, kale txar bat izan edo ziaboga bat gaizki eginez gero, edozer gerta daiteke». Bigarren taldea bederatzigarrena da; D taldea hamahirugarren, eta C ontzia, hamabosgarren.
Infantil mutiletan, berriz, dominen lehia urruti geratzen da. A taldea seigarren postuan doa, eta bigarrena hamahirugarren. Kadeteetan, ordea, brontzezko domina lortzeko lehian daude bete-betean. Une honetan hirugarrena da taldea, baina Getaria eta Illunbe puntu bakarrera ditu. «Lortuko dugulakoan nago», dio Alijostesek esperantzaz.
Jubenil neskak bigarrenak dira, eta hauek ere denboraldi amaieran domina eskuratzeko aukera asko dituzte. Gainera, Alijostesek taldeak izan duen bilakaera ona azpimarratu du, «duela hilabete minutu batera izan, eta orain, hamar segundotara» baitaude. Bigarren taldea laugarrena da.
Maila bereko mutilak dira txapelketa irabazteko bide onean doazenak. Tolosaldekoak lehen postuan daude, eta orain artean, bost estropadetatik lau irabazi dituzte. «Ezer arrarorik ez bada, txapelketa gertu daukagu».
Laguntza eskasak
Gauzak, baina, ez dira errazak izaten ari tolosarrentzat. Arraun mundua oso garestia da, eta udalak ematen dituen laguntzak sarritan ez dira nahikoa izaten. Duela bi urte, subentzioaz gaineko diru laguntzak hutsean utzi zituen gobernu berriak, eta ia kluba «pikutara» joateko arriskuan izan zela aitortu du Alijostesek: «Badakit egoera ez dela ona, baina udalak Tolosako klubei ematen digun dirua gutxi dela uste dut. Guk, esaterako, gastu asko izaten dugu astebururo autobusak alokatu, lo egiteko hotelak hartu, jaten eman, eta materiala eta lokalak mantentzen». Dena den, ekonomikoki ondo daudela dio presidenteak: «Inbertsio osoa egina dugu jada,eta zor guztiak garbituta. Eta hori ona da».
Gustuko bidean, ordea, ez dira kontrako noranzkoan doazen olatuez kikiltzen utziko. Betiko helburuak mantenduz, «lanean gogor» jarraituko dutela aitortu du Alijostesek. «Zortez, talde asko dauzkagu. Oso pozgarria da hori, azken finean, inguruko gazteek hemen arraun egiteko aukera izatea baita garrantzitsuena».
Lau urte eta gero, senior neskek Getaria-Tolosa gisa ibilbidea amaitutzat jo dute
Lau urtetan, liga bat, Euskadiko lau txapelketa, Gipuzkoako beste bi, Gipuzkoako Ligaren bi, eta 30 bandera baino gehiago eskuratu ondoren, Getaria-Tolosak ez du trainerua izango, bi kluben arteko hitzarmena amaitu eta gero. Amaiera nahasia izan du taldeak. Getariarrek Anjel Larrañaga prestatzaile tolosarraren jarrera txarra izan dela adierazi dute. Aldiz, tolosarrak ez dira gustura sentitu adierazpen horiekin eta beren entrenatzailea defendatu dute. Alijostesek, baina, ika mikak alde batera utzi eta lanean jarraitu behar dela dio: «Bidean gauza bat ahaztu da: ez dagoela dirurik. Neskek ez dute laguntzarik jasotzen aldundiaren partetik. Eta gero berdintasuna diote. Gugatik balitz, nahiko jende daukagu lehiatzeko». Titularretako batzuk Zumaian arituko dira datorren denboraldian. Jubenilek, aldiz, Zarautzekin lehiatzeko aukera dute.