Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira leloa duen kartela zintzilikatu dute berriki Tolosako udaletxean, alkatearen balkoian. Udal Gobernuak erabakita jarri dute kartela, eta «bake prozesua sendotze aldera urratsak eman daitezen eskatzea eta, batez ere, euskal presoen eskubideak bermatzea eskatzea» du helburu.
Tolosako Udaletik adierazi dutenez, «ehunka euskal preso sakabanatuta daude Espainiako eta Frantziako espetxeetan, eta horrek eskubide urraketa larria dakar bai presoentzat bai eta haien senitarteko eta lagunentzat ere». Hala, kartela balkoian jarrita udalak giza eskubideen aldeko apustu sendoa egiten duela «argi» adierazi nahi dute, eta giza eskubideen urraketa amaitzeko ezinbestekoa dela euskal presoak Euskal Herrian egotea. Bestetik, kartela jartzearekin, gizarteari ere helarazi nahi diote mezua, «herritarrek ez dezaten ahaztu Espainiako eta Frantziako estatuek ehunka presoren eskubideak urratzen dituztela, eta pausoak eman ditzatela eskubide horien defentsan».
Kartela jartzeko aukeratutako data ez dela kasualitatea azaldu dute Tolosako Udaletik. «Hilabete honetan Parot doktrinaren inguruko helegitea aztertuko dute Estrasburgon, eta giza eskubideen ikuspegitik oso garrantzitsua litzateke Parot doktrina indargabetzea, egoera bidegabe baten amaiera eragingo lukeelako». Tolosako Udalak otsailaren 26ko osoko bilkuran onartu zuen Parot doktrinaren aurkako mozioa. Hala, Pello Odriozola tolosarraren egoera gogoratu dute, «izan ere, 2008. urtetik aske egon behar zuen, baina Parot doktrina aplikatu ostean, hamar urtez gehitu diote kondena». 25 urte daramatza preso eta egun Zaragozako (Espainia) Zuera kartzelan dago.