Zerbitzuetako negozioei ekiteko diru laguntzak eskainiko ditu udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 14a, 11:11

Tolosako Alde Zaharra dinamizatze aldera, lokalen alokairua eta eraberritzea finantzatuko du udalak

Anjel Uranga eta Ibai Iriarte, Berdura Plazan.

2007an hasi zen, Tolosako Udala, Erretengibelen bidez, Alde Zaharreko komertzioetarako diru laguntzak ematen. Orain, eskaintza zabaldu egin du udalak, eta merkataritza jarduerez gain, aurrerantzean hirugarren sektoreko negozioak martxan jarri nahi dituztenek ere, eskatu ahal izango dituzte laguntza ekonomiko hauek. Modu honetara, Alde Zaharra sustatzeko helburu horrekin jarraituko du udalak, eta abokatu bulegoei, hortz klinikei, aholkularitza zerbitzuei eta antzeko negozioei aukera emango diete hiriaren erdigune historikoan finkatzeko: «Alde Zaharra dinamikoago egin nahi dugu, eta bide horretan, Kale Nagusia ardatz bilakatu nahi dugu. Honen harira, aipatzekoa da uda aurretik hiru komertzio berri izango direla kale honetan», nabarmendu du Ibai Iriarte alkateak.

Erretengibeleko Anjel Urangak azaldu dutenez, hiru baldintza bete beharko dira diru laguntzak eskatzeko: batetik, lokalak Alde Zaharrean egon beharko du, eta gainera, urte bete baino gehiagoz itxita egon den lokal bat aukeratu beharko da. Halaber, negozioa ireki aurretik, ekintzaileek bideragarritasun plan bat aurkeztu beharko dute: «Proiektu serioa da, eta Erretengibelek bitartekari lanak soilik egingo ditu; lokala bilatzea eta proiektua burutzea eskatzailearen esku izango da».

Alokairua edo eraberritzea

Diru laguntzak bi motatakoak izango dira; alokairua ordaintzeko laguntza ekonomikoak izango dira, batetik, eta lokal bat erosi eta haren obra finantziatzeko laguntzak, bestetik.

Lokalen alokairuetarako diru laguntza hiru urtetan eskainiko du udalak: lehen urtean, alokairuaren %75a ordainduko dute, gehienez ere 450 euro eskainiz; bigarren urtean, prezioaren %50a udalaren esku egongo da, gehienezko 300 eurorekin, eta hirugarren urtean, berriz, %25a finantziatuko die Tolosako Udalak, negozioen arduradunei, 250 euroko muga jarriz.

Halaber, lokala erosi eta eraberritze lanak egiteko diru laguntzak, %18 eta %21 artekoak izango dira, eta ez dute 6.000 euroko muga pasako.

Ibai Iriartek azaldu duenez, aurtengo aurrekontutik 44.000 euroko partida bideratu du udalak, egitasmo honetarako: «Lehen 33.000 euro bideratzen genituen, beraz, eskaera guztiei erantzuna emateko moduan gara».

Aipatzekoa da, era berean, diru laguntza hauen biatrtez 35 negozio zabaldu dituztela Tolosan 2007az geroztik, eta gaur egun 23k jarraitzen dutela zabalik.

Inguruko informazio gehiago eskuratu nahi duen edonork, edo zuzenean laguntza ekonomiko hauen eskaria egin nahi duenak, Erretengibeleko bulegoetara jo dezake, Tolosako Plaza Zaharrean. Era berean, 943 67 08 92 telefono zenbakira ere dei egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!