Gazte-gaztetan harrapatu zuen mendiak, eta pozak nahiz tristurak eman dizkio alpinismoak. ‘Bajo Cero’ filma aurkeztuko du, gaur, Mendi Tour-en.
Aizkoran, kayakean, eskalatzen nahiz beste hamaika kiroletan aritzen da Alex Txikon (Lemoa, 1981), baina alpinismoari eskaini dizkion hainbat unegatik da, batez ere, ezaguna.
Eroso sentitzen da mendian, eta sekulako poza sortarazten dio naturarekin harreman hori izateak. Gaur, ordea, iaz Gasherbrum I-erako espedizioan gertatutako tragedia hizpide izango du, Leidor aretoan, 19:30etik aurrera.
Gaur Tolosan izango zara, Mendi Tour egitasmoaren barruan, Bajo Cero film laburraren inguruko nondik norakoak kontatuz.
Bai, Bajo Cero filma aurkeztuko dugu. 20 minutuko film laburra da, eta bertan, neguaren gogortasuna azaltzen dugu besteak beste. 2011n izan genuen neguko lehen espedizioa, Karakorum-en, Grasherbrum I-ean. Hortik lan bat sortu genuen, Gasteizen aurkeztu zena. 2012. urtean berriro itzuli, eta Bajo Cero filma egin genuen. Zoritxarrez, film honetan ez dago istorio politik, guztiz aurkakoa. Zazpi laguneko taldea ginen, eta lau lagun baino ez ginen bizirik iritsi geure etxeetara.
Zoritxarreko gertaera horiek mendiarekiko ikuspegia aldatu dizute?
Bai, noski baietz. Duela bi urtera arte, hiltzeari beldurra izan diot. Gaur egun, ordea, heriotzak etorri behar badu etorri egiten dela pentsatzen dut. Han muga-mugan zaude, hari batetik zintzilik. Eta 7.000 metrotik gora, marra oso estu bat dago heriotzaren eta bizitzaren artean. Mendiarekiko ikuspegia aldatzeaz gain, ordea, mendian nagoenean gauzak hobeto egiten saiatzen naiz orain; gauzak askoz ere gehiagotan pentsatzen ditut.
Hainbat espediziotan ikus-entzunezko lanak burutu dituzu. Nolakoa da baldintza horietan irudiak hartzea?
Oso-oso gogorra da, benetan. Baldintzak oso gogorrak dira. Edozein gauza grabatzeko, hemen, ordu bete behar baldin bada, han askoz ere luzeagoa da: traste guztiak oso ondo gorde behar dira, kamerekin lo egin behar da hauek paparrean sartuta, eta abar. Ezin da irudikatu zein gogorra den. Bestalde, neguko azken espediziotik ekarri ditudan irudiek erabat harrapatuta naukate, egia esan, eta gainera, guk geuk grabatutako irudi horien bitartez, norberak egindako lana jendeak gustuko duela ikustea, oso aberasgarria da.
Harrera beroa jasotzen dute horrelako ikus-entzunezko lanek. Leku iritsezinak erakusten dizkiezulako ote?
Grabaketak egiten duguna erakusteko burutzen ditugu, batez ere, etxekoentzako nahiz lagunentzako. Honez gain, ordea, nire ustez egungo gizartean badira galduriko balore batzuk, eta behar bada, menditik-eta, beste erraztasun batekin transmititu daitezke.
Zein balore?
Esaterako, gure irudien bitartez, Euskal Herrian jaio izanagatik zein zoriontsuak garen ikus daiteke; edozein gazteri esango nioke, Afrikara nahiz Asiara joateko, han zein bizimodu gogorra duten jakiteko, eta hemengoa ez dugula estimatzen ikusteko. Nik orain, nire bizitzako segundo bakoitzean dena ematen dut, eta are gehiago, zertan aritzen naizen jakinda; edozein gauza txiki benetan estimatzen dut, eta benetan bizirik sentitzen naiz.
Hainbat errealitate eta pertsona ezagutzeko bidea ere bada, beraz, alpinismoa.
Niretzat unibertsitaterik onena izan da, eta izugarri pozik nago aukeratu dudan bidearekin. Mendian ez dago ez dirurik, ezta osperik ere, nire kasuan behinik behin; eta horren bila ere ez gara joaten. Nik, mendian, bestelako helburuak ere izaten ditut, izan ere, bidaiak egitea gustatzen zait, mundua ez baita hainbeste maite dugun Euskal Herria bakarrik; hemendik kanpo ere gauza asko daude.
Duela aste batzuk Laila Peak-eko tontorrera igo zarete, eta espedizio hau neguan burutu duten lehenengoak izan zarete. Zerk bultzatzen zaitu horrelako erronkei aurre egitera?
Nik ez ditut lorpenak baloratzen, taldeko lan hori, baizik. Bizipenei eta pertsonei garrantzia handiagoa ematen diet nire bizitzako momentu honetan, lorpenei baino. Noski, tontorrera iristerakoan poza sentitzen da.
Txikitatik izan duzu kiroletarako zaletasuna. Mendigoizaletasun horretan, ordea, nolatan hasi zinen?
Gazte-gaztetatik futbolean aritzen nintzen, eta noizbehinka mendi irteera batzuk egiten nituen Ganzabal mendi taldearekin. Halako batean, ez dakit noiz, mendiak harrapatu egin ninduen, eta institutuan piper egiten hasi nintzen aurreneko aldiak eskaladagatik-eta izan ziren. Horrela hasi, eta jarraitu egiten du batek, gero eta gehiago, batera eta bestera.
Jende ezaguna ere izango zenuen.
Agian nire inguruko jendea mendizaleagoa izan da, beste batzuen ingurukoa baino, eta arrisku kirolak egiten zituzten. Horrela, mendi altuetan amaitu nuen. 20 urterekin 7.000 metroko mendietara igotzen hasten bazara, hori hobetzen saiatzen zara, eta gaur egun oso eroso sentitzen naiz inguru horietan.
Espedizio batera abiatu aurretik nolakoa da zure eguneroko prestakuntza fisikoa?
Orain ia lorik ez dut egiten, oso lanpetuta bainago. Igeltseroa naiz, eraikuntzan lan egiten dut, eta mendirako prestatzen aritzen naizenean ere, desordutan egiten ditut entrenamenduak. Dena den, beti saiatzen naiz entrenatzerakoan ere, naturaz gozatzen. Uda baldin bada, kayakean itsasora irteten naiz, eta bestela eskalatzera nahiz aizkoran egitera joaten naiz. Ez naiz prestakuntza zehatz bat eta medikua gainean dituen mendizalea; lagun onekin joaten naiz entrenatzera, eta horrek gogoa pizten dit gauzak, ahal den neurrian, ondo egiteko. Nire mendia ez da matematika, ez da 2+2. Egia da, mendiari edo neure fisikoari errendimendu handiagoa aterako niokeela entrenamendu zehatzagoak eginez, baina garrantzitsuena ilusioarekin joatea da.
Zein aholku emango zenioke bere bizitza alpinismora bideratu nahi duen gazte bati?
Ilusioari, talde ona izateari eta gauzak egiteko inongo presarik ez izateari emango nioke nik garrantzia. Neronek, presa handia izan dut zenbait gauza egiteko, eta eskailerak banan-banan igo beharrean, hirunaka igo izan ditut. Hori oso arriskutsua da. Beraz, presarik ez izatea eta mendiaz nahiz lagunez gozatzea gomendatuko nioke edonori, bizitzak buelta asko ematen baititu; pixkana-pixkana ibili behar da.