Euskal Pizkundeari eskainitako zikloa borobilduko du Tolosako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 13a, 11:26

Bihar hasiko dira ekitaldiak, Leidorren, ikastetxeetako haur eta gaztetxoentzako emanaldiarekin

Inaki Irazabalbeitia, Igor Ezenarro eta Elene Arandia.

2011n Euskal Herriko hainbat herritan abian jarri zuten, Aitzol eta Euskal Pizkundea egitasmoa; honi jarraipena eman, eta egitaraua borobilduko du Tolosako Udalak, Euskal Pizkundeari eskainitako plaza berria izendatuz. Inaki Irazabalbeitia, Igor Ezenarro eta Elene Arandia abeslaria izan dira agerraldian.

Mugimendu hura sortu zuten gizon-emakumeen lana gogora ekarri, eta kultur arloko jarduerak antolatzeari ekin zioten udalek, duela bi urte. Izan ere, Jose Ariztimuño Olaso Aitzolen fusilatzearen 75. urteurrena bete zela eta, belaunaldi osoa omentzeko bidea izan zen, Euskal Pizkundearen urte hura.

Inaki Irazabalbeitia zinegotziak agerraldian azaldu duenez, «egitasmo honek, berez, 2012an izan behar zuen amaiera. Hauteskundeen ondorioz, Euskal Pizkundea proiektuaren barruko udaletan aldaketak izan ziren, ordea, eta azkenean, Tolosako Udalak soilik erabaki du ospakizunei jarraipena ematea». Proiektu honi amaiera eman, eta helburuak borobiltzeko, beraz, hainbat jarduera antolatu dituzte, datozen egunotarako.

Aurretik buruturiko jardueren artean, Irazabalbeitiak, Aitzol jaio zeneko etxean jarritako plaka, poesia irakurraldiak eta Euskal Pizkundeko manifestuaren irakurketa nabarmendu ditu: «Kulturan sekulako iraultza sortu zuten emakume eta gizon haiek, euskalgintzan mugimendu handia izan baitzen».

Transmisioa eta memoria

Bihar bertan izango da, Euskal Pizkundearen harira antolaturiko lehen jarduera, ikastetxeetako haur eta gaztetxoei begira. Leidor aretoan, 09:00etan eta 12:00etan, Baga Biga Higa: Euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena proiektuaren saioa eskainiko dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek.

1960ko hamarkada aurreko garaiak abiapuntu hartu, eta gaur egunera bitarteko euskal musikaren historia kontatuko diete, formato multimedia eta hitzaldi parte hartzaileen bitartez.

Ostiralean, berriz, Anjel Lertxundi eta Antton Valverde Topic zentroko aretoan izango dira, 20:30etik aurrera; Hiru eleak: Lizardi, Lauaxeta, Lete emanaldia eskainiko dute, hiru poeten hitzak musikatuz. Sarrerak, www.topictolosa.com helbidean eskura daitezke.

Aitzol eta Euskal Pizkundea egitasmoko ekitaldi nagusia, eta zikloa itxiko duena, datorren martxoaren 23koa izango da. 11:30ean, udaletxeko pleno aretoan Aranzadi Zientzia Elkartearen DVDa aurkeztuko dute.

Jarraian, Aranburu Jauregiaren, Errotaren eta ibaiaren artean dagoen eremuari, Euskal Pizkundea plaza izena jarriko diote, eta inaugurazio ofiziala, musika eta literaturak osatuko dute. Izan ere, Juantxo Zeberio pianoan ariko da, Elene Arandia kantuan, eta Lask abesbatzak ere zenbait doinu kantatuko ditu.

Hauei guztiei, Karlos Linazasororen, Joxemari Iturralderen eta Igor Estankonaren poema

errezitaldiak ere batuko zaizkie. Herritarren artean kantu liburuxkak ere banatuko ditu udalak, jendeak ere kantuak abestu ditzan.

Horrez gain, aipatzekoa da, Euskal Pizkundea plazan bi panel jarriko dituztela. Hauetariko batean, Anjel Lertxundik Euskal Pizkundeaz idatzitako manifestuaren zati bat izango da.

Beste taulan, berriz, kultur sortzaile eta eragile haien guztien izen-abizenak idatziko dituzte.

Euskal Pizkundea Anjel Lertxundiren begietan

«Euskarari prestigioa eman. Euskararen irakaskuntzaren oinarriak jarri. Ahozko literatura duindu. Literatura idatzia bide berrien arrastoan abiarazi eta noranahikoa egin. Antzerkia dinamizatu. Prentsa sortu eta suspertu. Dantza berritu, dantza modernoarekin joan-etorrian. Garaiko korronteen araberako musika bultzatu, eta musika tradizionala ikertu, baliatu, ezagutarazi. Arte plastikoak abangoardiarekin lotu, diziplina artistikoak elkarrekin harremanetan jarri… Euskarak ordura arte inoiz ezagutu zuen mugimendu kultural bizi eraginkorrena protagonizatu zuten Pizkundeko gizon-emakume haiek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!