Euskal nortasun ikurren defentsa gisa, eta herri bat bizirik dagoela erakusteko, ikurrinaren erabilera zabaltzeko deia egin zuten bailarako 28 udalek, pasa den larunbatean, Tolosan ospatu zen manifestazioaren ondoren.
Geurea ikurrina lelopean, jendetza bildu zen ikurrinaren alde, eta Espainiako bandera ezartzeko aginduaren aurka, eragile sozialek deitutako mobilizazioan. Aurretik eskualdeko udal guztietako ordezkariek ikurrina erraldoi bat zeramatela, eta dultzainero eta txistularien doinuez lagunduta, zeharkatu zituzten Tolosako kaleak.
Manifestazioa Plaza Zaharrean amaitu zen, eta bertan, Ibai Iriarte, Tolosako alkateak, udal guztien izenean, ez direla «menperatzen utziko» adierazi zuen. «Euskaldunak gara, eta horren irudi da ikurrina. Gurea, maite duguna, defendatzen jarraituko dugu, hori baita herri bat bizirik dagoen seinale, eta bizirik jarraitzeko bide. Ozen diogu geure sinboloa ikurrina dela eta geure herriak Euskal Herria duela izena».
«Probokazio», «eraso» edo «inposaketa» bezalako hitzak erabili zituen Iriartek, udaletxeetan Espainiako bandera ezartzeko agindua definitzerako orduan, eta Carlos Urquijo, gobernu ordezkariari mezua helarazi nahi izan zion: «Legea izango duzue alde, ez ordea herria».
Espainiako bandera jartzearen aginduari, herri moduan erantzungo diotela esan zuen Iriartek: «Kaletik zein instituzioetatik bat eginda, izan dezakegun indarra geldiezina da, izan ere, horrelako erasoen bidez gure askatasun nahia indartzen dute».
Euskal Herria eraikitzeko helburuaren bidean, «probokazioei muzin eginez» lanean jarraituko dutela hitz eman zuen tolosarrak: «Koloretako etorkizuna nahi dugu, pertsona eta herrien eskubideak, errespetatuko dituena, aniztasuna errespetatuko duena, inposizioen gainetik egongo den, modernoa eta herritarrengandik gertu egongo dena».
Horretarako, herritarrei ikurrinak lehioetatik zintzilikatzeko, nahiz, sortuko diren beste ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu zien Tolosako alkateak.
Gizarte eragileen izenean, berriz, Iñaki Aristeta, Bai Euskal Herriari gizarte eta kultur elkarteko kideak, euskal nortasun ikurren defentsa «herritarroi» dagokiela adierazi zuen: «Euskal Herria desagerrarazi nahi dute, baina horretarako herritarrak desagerrarazi beharko dituzte. Euskal Herriaren aitortza ez da egun batetik bestera lortuko. Inork ez digu ezer oparituko, irabazi egin beharko dugu. Beraz, antolatzeko unea da, etxetik hasi eta kaleraino, Ipar Euskal Herritik hasi eta Hegoalderaino borrokatu beharko dugu gure herriaren aitortza».