Kolorez beteko dira Tolosako kaleak hilaren 16an. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bere 25. urteurrena ospatuko dute larunbat horretan, Kilometroak 2013 ekimenarekin elkarlanean. Goizean kalean izango dira pailazoak, giro alaian, Dinbi-Banda batukada, Bonberenea Txaranga eta dantzariekin batera. 10:30ean elkartuko dira Trianguloa plazan. «Bai haur, gazte, heldu nahiz zaharrek kolorea eman behar diogu egun polit honi», azaldu du Unai Igartua Kilometroak 2013ko koordinatzaileak. «Beraz, lotsak alde batera utziz, guzti guztiok bertara txilabaz edo mozorroturik etortzea eskatzen dizuegu».
Kaleak girotzeaz gain, pailazo taldeak bi saio eskainiko ditu Leidor aretoan, 12:00etan eta 17:00etan. Ikuskizunari Sentitu, pentsatu, ekin izena jarri diote. Bertara ere mozorroturik joateko eskatu dute Pirritxek ikusleei. Gainera, saio horiek grabatu egingo dituzte. Ikuskizunetara joateko sarrerak Leidor aretoko leihatilan eskuratu daitezke zazpi euroren truke.
Egun horretan pailazo taldeak Amona Josefinaren 100. urtebetetzea ere ospatuko du, eta horretarako 25 urte hauetan euren istorioetan parte hartu duten hainbat pertsonaia izango dira: Kintxo Barrilete, Anakleto, gamusinoak...
Bestalde, atzo egun berezia izan zuten Laskorain ikastolako Sakramentinoen eraikinean. Izan ere, pailazoen urteurren festaren inguruko agerraldiaren aurretik, Pirritx eta Patakon ikastetxeko zenbait geletan izan ziren bisita egiten, haurren gozamenerako.